Ekaina 11, 2019

Osatu da Kimuak 2019 katalogoa

ZAZPI FILM LABURREK OSATZEN DUTE AUKERAKETA BERRIA

Hautatu da jada Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatutako Kimuak programaren 22. edizioan banatuko den film labur sorta.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Carlos Plaza –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria–, Carmen Serrano –Andaluziako Juntako ‘Cortometrajes Andaluces’ film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea–, Garbiñe Ortega –Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria–, Roberto Barrueco –Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria– eta Ruth Pérez de Anucita –Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea–. Aurkeztutako 65 proposamenak aztertu eta honako film laburrak aukeratu dituzte:

  1. ARTIKO, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano
  2. EL INFIERNO, Raúl de la Fuente
  3. LABO, Jesús María Palacios
  4. LEYENDA DORADA, Ion de Sosa eta Chema García Ibarra
  5. LURSAGUAK (ESCENAS DE VIDA), Izibene Oñederra
  6. MATEOREN AMA, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga
  7. MEDVEDEK, Ainhoa Gutiérrez del Pozo


Katalogo berriak fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, bi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik.


ARTIKO

Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak Svalbard artxipelagora egindako bidaia erakusten digu Artiko dokumentalak. Lazkanok Josu Venero zuzendari eta ekoizle bilbotarrarekin batu ditu indarrak ikus-entzunezko hau egiteko eta Xabi Payaren hitzekin osatu dituzte grabatutako paisaiak.
Josu Venerok artearen inguruko 40 dokumentaletik gora zuzendu eta ekoitzi ditu, baita telebistarako serie dokumentalak ere (ETB, TVE eta Arte kanaletarako, batik bat). Jesus Mari Lazkano, aldiz, artista izateaz gain Arte Ederretan doktorea eta EHUko pintura saileko irakaslea da. Elkarlanean zenbait pieza egin ditutze museoetarako.

EL INFIERNO

Raúl de la Fuente Iruñeako zuzendariak hirugarren film laburra du Kimuaken. 2013ko katalogoan Minerita lanarekin hartu zuen parte (Dokumental Onenaren Goya eskuratu zuen eta Oscar sarietarako finalerdira iritsi zen ere) eta 2017an La fiebre del oro filma izan zen hautatua. El infierno Donostiako Kanaki Films etxeak ekoiztu du, Amaia Remírezen ardurapean.
Oraingoan Sierra Leonara garamatzate. Herrialde horretan jaio den Chennuk, bere lehen delitua egin zuen 15 urterekin: kaleko umea izatea. Hori dela eta infernuan sartu zuten, hots, Pademba Road, Freetown-eko helduentzako kartzelean. Lau urte eta gero atera bazen ere, orain esperantzarik ez dagoen infernu horretara itzuli nahi du.

LABO

Jesús María Palacios (Donostia, 1980) bigarren aldiz egongo da Kimuaken, 2012an Casa Vacía aurkeztu eta gero. Labo, Tarragonako Francisco Franco Unibertsitate Laborala izan zenaren erretratu arkitektoniko, zinematografiko eta politikoa da. Minimalismo formal zaindu baten bidez, oroimen historikoa ukitzen du José María Pouren ahotsak lagunduta.
Palacios ikus-entzunezko komunikazioan eta humanitateetan lizentziatua da Salamancako Unibertsitatean eta Sormenezko Dokumentalean masterra du. Bere azken film labur hau Documentamadrid Nazioarteko Zinema Dokumentalaren Jaialdian estreinatu berri da maiatzean.

LEYENDA DORADA

Ion de Sosa (Donostia, 1981) eta Chema García Ibarra (Elx, 1980), zinemaldi zirkuituan aski ezagunak diren egileek, Leyenda dorada zientzia-fikzioa osatu dute.
16mm-an grabatua, udako egun batean Montánchez (Cáceres) herriko udal igerilekuan ematen diren elkarrizketak eta gertakariak jasotzen ditu, kostunbrismoa eta umorea uztartuz.
Leyenda dorada De Sosak berak ekoiztu du Leire Apellaniz bilbotarrarekin batera eta pasa den Berlinalean estreinatu zuten. Vila do Conde eta Palm Springs zinemaldi ospetsuetan ere lehiatzeko aukeratua izan da.

LURSAGUAK (ESCENAS DE VIDA)

Izibene Oñederra animatzaile azkoitiarrak ere hirugarren aldiz hartuko du parte Kimuaken lan propio batekin, Hezurbeltzak, una fosa común (2007) eta Hotzanak, For Your Own Safety (2013) egin ostean.
Hélène Cixous-ek zioen moduan, «inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara». Kontzeptu honi helduta, egileak animazio indartsua iraikitzen du.
Izibene Oñederra Arte Ederretan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko pintura departamentuko irakaslea da. Eskuz egindako hainbat animazio film zuzendu eta ekoiztu ditu eta taldean egindako beste zenbaitetan hartu du parte. MAPA ikus-entzunezko garaikidea programatzen zuen taldeko kidea da.

MATEOREN AMA

Mateoren ama Moriarti Produkzioak etxearen azken film laburra da, Aitor Arregi (Oñati, 1977) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976) zuzendua. Biek hartu dute parte zenbait aldiz Kimuaken, hain zuzen Tercero B, Sintonía, Lagun mina, Renovable eta Zarautzen erosi zuen film laburrekin. Elkarlanean egindako lehen fikzioa da honakoa, 2007an Lucio dokumental luzea egin ostean. Jon Garañorekin batera zuzendu dute La trinchera infinita luzea, urte honen amaieran estreinatuko dena.
Mateoren ama fikziozko drama Iban Zalduaren Ama izeneko ipuinean oinarritzen da. Bertan, denboraldi batez ama ikusi gabe egon den Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakitzen du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea: seme alabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan. Iñigo Aranburu, Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga eta Aitziber Garmendia dira protagonistak.

MEDVEDEK

Ainhoa Gutiérrez del Pozo (Donostia, 1994) zuzendariaren hirugarren film laburra da Medvedek dokumentala. Jatorri eslobeniarreko bi hartz emeren etorrerak nafar Pirinioko paisaian nola eragiten duen aztertzen du. Hartza Pirinioetako biztanle izan da milaka urtez, baina bere desagertzeak aldaketa ekarri zuen eta hartz berrien presentzia gatazka azaleratzera dator.
Zuzendari gazte hau EHUko Arte Ederretan graduatu zen 2017an eta tartean, Mexikoko UNAMen egindako unibertsitate trukean bideratu zituen ikasketak zinemara. Bere lanak dokumental eta fikzio artean kokatzen ditu antropologia eta zinema uztartuz. Egun, Buenos Aireseko FUCen Zinema Dokumentaleko Masterra ikasten ari da eta zinema kritikak idazten ditu ARGIA aldizkarian.

 

Kimuakek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatuak suertatu diren film labur hauek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik hasita.