Iraila 18, 2013

Konfirmatu dira katalogo berriko lehen estreinaldi eta aukeraketak

2011 ETA 2012KO KATALOGOEN BALANTZE POSITIBOA

Kimuak 2013 katalogo berriak Donostia Zinemaldiko Zinemira atalaren barruan hasiko du bere ibilbidea, film laburren ekipoei eta zinema alorreko instituzio eta jaialdietako zenbait gonbidaturi eskainitako emanaldi itxi batean.

Proiekzio itxi hau jasotzeaz gain, irailaren 20tik 28ra ospatuko den jaialdiak Izibene Oñederrak zuzendutako Hotzanak, For Your Own Safety eta Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) aukeratu ditu Zabaltegi sailean erakusteko.

Izibene Oñederraren lana Cutie And The Boxer film luzearen aurretik ikusi ahal izango da bost emanalditan, ostirala 20an hasi eta astelehena 23a bitartean. Zela Trovke, bestalde, beste bost aldiz ikusi ahal izango da Mujer conejo filmaren aurretik. Honez gain, Kimuaken bi laburrak Zabaltegiko klausuran ere emango dituzte, larunbata 28an.

Katalogoaren aurkezpen ofizialaz gain, 2013ko lanen beste zenbait aukeraketa gauzatu dira jada. Izibene Oñederraren filma datorren azaroan ospatuko den l'Alternativa Bartzelonako zinema independentearen jaialdian ere hautatu dute.

Aritz Moreno donostiarrak zuzendutako Cólera Ingalaterrako BFI London Film Festivalen estreinatuko da urriaren 10ean, eta hil berean Sitges - Kataluniako Nazioarteko Fantasiazko Zinemaldian eta Austin Film Festival jaialdian lehiatuko da, Texasen. Montpellierko Cinemed zinema mediterraneoaren jaialdian ere erakutsiko dute, Borja Cobeagak zuzendutako Democraciarekin batera. Cobeagaren lana Valentziako Cinema Jove jaialdian estreinatu zen ekainaren 22an.

Azkenik, Raúl de la Fuente Iruiñekoaren Minerita dokumentala Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdian erakutsiko da lehen aldiz, iraila bukaeran. Hilabete beranduago Docs DF, Mexiko Hiriko dokumental jaialdi ospetsuan arituko da.

Aurreko edizioetako filmen ibilbideak erabat agortuta ez badaude ere, katalogo berriaren hasiera erreferentzia bezala hartzen dugu bi urte atzeragoko sortaren ibilbide aktiboa amaitutzat emateko. 2011ko bederatzi lanak 884 jaialditan aukeratuak izan dira gaur arte, eta hauetan 133 sari eskuratu dituzte.

Halaber, 2012ko edizioak urtebeteko ibilbidea betetzen du egunotan eta 684 aukeraketa eta 126 sari batu ditu dagoeneko. Duela urtebete, garai berean, 2011ko katalogoak 658 aukeraketa eta 93 sari eskuratuak zituen, beraz kontuan hartuta 2012an bi film labur gutxiago hautatu zirela, pentsa daiteke 2012ko lanek aurrekoen emaitzak hobetuko dituztela.