Ekaina 2, 2023

Aukeratuak Kimuak 2023 katalogoko filmak

ANIMAZIOA ETA FIKZIOA JASOTZEN DITU

Kimuak programaren 26. edizioaren deialdira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2023 katalogoa osatzeko: LA MUJER ILUSTRADA (Isabel Herguera’), SORBELTZA (Iban del Campo), PRIORIDADES (Tamara Lucarini Cortés), EL APRENDIZ (Raúl Campos), EL REY DE LA SEMANA (David Pérez Sañudo), DEADLY DRAW - SORTEO MORTAL (Nitya Lopez Saitua) eta XIMINOA (Itziar Leemans).

Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik sustatutako programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik aurrera.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Simon Blondeau – Baionako Cinéma L 'Atalanteko zuzendari laguntzailea eta kultur bitartekaria, Gabarra Filmseko euskal zinema banaketako arduraduna eta Rencontres sur les Docks jaialdiaren antolatzailea –; Ana Herrera – Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen eta proiektu digitalen ataleko burua –; Txaro Landa – Bilboko Cineclub FAS-en zuzendaria–; Jaime Manrique – Bogotá-Bogoshorts Film Laburren Jaialdiaren eta Black Velvet Laborategien sortzaile eta zuzendaria –; Alberto Valverde – Bartzelonako D'A Film Lab-eko koordinatzailea eta Edinburgoko CinemaAttic plataformako programatzailea –.

Kimuak 2023 katalogoak animazioa eta fikzioa jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bat euskara hutsean egin da, beste bat euskaraz eta frantsesez, gainontzekoak gaztelaniaz egin dira eta horietako bik hindia eta bengaliera ere erabiltzen dute. Aurtengoan katalogoko zazpi lanetatik hiru emakumeek zuzendu eta ekoitzitakoak dira.

Honako hauek dira hautatutako zazpi film laburren inguruko xehetasunak:
 

LA MUJER ILUSTRADA

Ahmedabaden (India), Isabelek animazio tailer bat ematen du Mehndi izeneko aldi baterako tatuajeak egiten dituen artista talde batekin. Haien ametsen inguruan hitz egiten dute: Ramiak hegan egin nahi du, Saadiyak emakumeez osatutako parlamentu batekin egiten du amets, Shubhashreek Suitzara bidaiatu nahi du, eta Samirak raparen bidez adierazten du bere independentzia. Zuzendariaz gain, Sudhanya Dasgupta, Priyanka Shaw, Shashi Shaw eta Abonti Mukherjeek ere haien ahotsak jartzen dituzte filmean.

Animazio honetan, zuzendari donostiarrak (1961) normalean inork galdetzen ez dien pertsonen nahiak azaldu nahi ditu, ‘Bajo la almohada’ (Kimuak 2012) filmean egin zuen bezala. Azken lan honekin ez ezik, Kimuak katalogoaren aurreko edizioetan ere parte hartu du, Goya sarietarako izendatua izan zen ‘La gallina ciega’ (2005) eta ‘Àmàr’ (2010) lanekin, hain zuzen ere.

Isabel Herguera UPV/EHUn lizentziatu zen Bilbon, Kunstakademie Düsseldorf-en jarraitu zituen ikasketak, eta Calarts LA-n master bat egin zuen. Lleidako Animac jaialdia zuzendu zuen 2003 eta 2012 artean, eta Donostiako Artelekuko Mugimenduzko Irudi Laborategia koordinatu zuen 2005 eta 2014 artean. Espainiako animazio independentearen emakume aitzindarietako bat da. Bere filmak animazio jaialdi nagusietan erakutsi dira, eta bere obra artistikoa hainbat museo eta erakundetan erakutsi da. Gaur egun, ‘El sueño de la sultana’ animaziozko bere lehen film luzea amaitzen ari da.

SORBELTZA

Belaontzi bat hiru pertsona barruan dituela itsasoratzen da. Bi emakume eta gizon bat, triangelu bitxi bezain misteriotsu bat osatzen dute. Itsas zabaleko bainuen, gaueko elkarrizketen eta tentsio sexualen artean, desorekatua dagoen unibertso batean murgilduko gara. Iban del Camporen (Arrasate, 1971) film berriak insomnio sukartsu batez eta askatasunaren beharraz hitz egiten du. Erika Olaizola, Joseba Apaolaza, Miren Gaztañaga eta Heren de Lucas dira aktoreak.

Lan hau Iban del Camporen laugarrena izango da Kimuaken parte hartzen duena. 2009an ‘Dirty Martini’ dokumentala, 2018an 'Espedizio handia' zientzia-fikziozko lana, eta 2020an Silvia Reyerekin batera zuzendutako 'Interior Taxi Noche' egon dira aurretik katalogoan.

Arrasatearrak Erasmus beka bati esker erabaki zuen zinema egin nahi zuela Parisen. Bartzelonan sormenezko dokumentalari buruzko master bat egin ondoren Donostiara bueltatu eta Limbus Filmak ekoiztetxea abian jarri zuen 2008an. Aldi berean, Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioko eskolak ematen ditu eta Huhezinema film laburren jaialdia sortu zuen 2008an eta honen koordinatzailea da orduz geroztik. Bere lehen film luzea, ‘Glittering Misfits’ (2019), Donostia Zinemaldian estreinatu zen, eta aipamen berezia jaso zuen bertan.

PRIORIDADES

Anek eta Andreak sexu harremanak dituzte elkarrekin, eta egarri dira. Nahiz eta kanpoan bizitzak aurrera egiten jarraitzen duen, denbora gelditu nahi dute, azkenean elkarrekin baitaude. Elkar musukatu eta larrutan egiten dute beren energiaren mugaraino, kanpoko zaintzak haiek salbatzera etorriko den arte.

Tamara Lucarini Cortések (Basauri, 1987) Ainhoa Artetxe eta Sara Nieto aktoreak zuzendu ditu bere hirugarren film labur honetan. Katz Estudiok eta Sayaka Produccionesek ekoitzi dute filma. Mendi Film Bizkaia bekaren bitartez, ‘No es coma’ (2018) eta ‘Txango' (2022) film laburrak egin ditu aurretik. 2019an, Noka mentorien programan parte hartu zuen, gaur egun garatzen ari den ‘El peso’ dokumental luzearekin. ‘El jabalí arrúa’ filmaren gidoian ere lanean ari da, fikziozko bere lehen film luzea izango dena.

‘Prioridades’ Aukera film laburren mentoretza programan parte hartu zuen eta lanak Aukera (H)emen saria jaso zuen, ZINEBIren testuinguruan egindako jardunaldi profesionaletan.

EL APRENDIZ

Raúl Campos Martín (Santurtzi, 1992) zinegileak sinatu du thriller sozial hau, Bilboko Basque Films ekoiztetxearekin batera.

Europara iritsi berri den gazte batek mugikorren konpontzaile gisa hasiko du bere karrera, eta gogor lan egingo du etorkizunak ekarriko diona amesten duen bitartean. Hala ere, bezero baten telefonoan aurkituko duen zerbait errealitate-kolpe bat izango da, munduari buruz duen ikuspegia birplanteatuko duena.

Raúl Campos Arteverse publizitate-agentziaren sortzaileetako bat da; 2012an sortu zuen, ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak egiten ari zela. 2015etik, fikziozko film luze, dokumental eta publizitate-piezen produkzio eta postprodukzio prozesuko hainbat alorretan lan egin du. Skype edo Volkswagen bezalako nazioarteko konpainien publizitate piezen ekoizpenaren koordinatzailea izan da Euskadin, baita CNN katearen ‘Anthony Bourdain: Parts Unknown’ programan ere. Film luzeen postprodukzioan ere lan egin du, hala nola ‘Psiconautas: Los niños olvidados’ (Alberto Vázquez eta Pedro Rivero, 2015), ‘El hoyo’ (Galder Gaztelu-Urrutia, 2019), ‘Pos Eso’ (Samuel Ortí Martí, 2015), ‘Pelota II’ (Jørgen Leth eta Olatz González Abrisketa, 2016) eta ‘Contigo no, bicho’ (Álvaro Alonso eta Miguel Jiménez, 2018).

‘El aprendiz’ bere laugarren film laburra da. Kunal Ravi, Raju Jagat, Aitor Borobia eta Graciela Doniz dira protagonistak eta gaztelaniaz eta hindiz grabatuta dago.

EL REY DE LA SEMANA

Fikzio hau Kimuak katalogoa osatzen duen David Pérez Sañudoren (Bilbo, 1987) bigarren laburra da. 2017an ‘Aprieta pero raramente ahoga’ filma Kimuak katalogoaren hautatutako lanetako bat izan zen. Iraupen laburreko beste film batzuk zuzendu ditu, hala nola, ‘Un coche cualquiera’ (2019), ‘La colcha y la madre' (2021) edo ‘Au Pair’ (2021), eta sari ugari lortu ditu Clermont-Ferrandeko, Varsoviako, Malagako, ZINEBIko, Xixoneko, ALCINEko, Abycineko, Manchesterreko edo Sitgeseko jaialdietan, besteak beste. 2020an estreinatu zuen bere lehen film luzea, ‘Ane’, Donostia Zinemaldiko New Directors sailean. Filmak hiru Goya sari, Feroz sari bat eta Forque sari bat irabazi zituen, eta Varsovia, Shanghai edo Habana bezalako jaialdietatik igaro zen. Sañudo Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea da, eta unibertsitateko irakaslea da zinema-gidoian eta fikzio-errealizazioan.

Martin dibortziatutako gizona da eta seme bat dauka. Kosmetikoen fabrika batean lan egiten du. Bere irudia eta gorputza modu maniatikoan zaintzen ditu eta bakarrik sentitzen da. Etsita, bikotea aurkitzen laguntzen dion sedukzio-tailer bateko kide da. Egun batean Marta ezagutuko du eta berarekin ligatzea bere helburu nagusia izango da. Nacho Sánchezek, Álvaro Cervantesek, Usue Álvarezek, Gastón Haagek, María Cerezuelak eta Javier Fuentek osatzen dute aktore- zerrenda.

DEADLY DRAW (SORTEO MORTAL)

Nitya Lopez Saitua (Ibarrangelu, 1996) zinegilearen lehen film laburra da hau Kimuak katalogoan, kamera atzean eskarmentu handia badu ere.

Besteak beste, ‘Ane’ (David Pérez Sañudo), ‘Ilargi guztiak' (Igor Legarreta), ‘El buen patrón’ (Fernando León de Aranoa), ‘Maixabel’ (Iciar Bollaín), ‘La fortuna’ (Alejandro Amenabar) eta ‘Balenciaga’ (Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi) produkzioetan zuzendaritza sailean lan egin du. Gainera, film labur, publizitate-iragarki eta bideoklip askotan parte hartu du, zuzendari laguntzaile gisa. Gidoilari eta zuzendari lanak ere egin ditu, 2018an ‘Jesus is B(l)ack’ izeneko fikziozko lehen film laburra egin zuen, eta 2019an ‘Infraganti’ zuzendu zuen. 2021ean ‘Txoriak txori’ film laburra zuzendu zuen, gaur egun banaketa prozesuan dagoena eta orain arte 15 hautaketa jaso dituena. ‘Deadly draw’ (Sorteo Mortal), La Córnea Digital Bilboko ekoiztetxe sortu berriaren lehen film laburra da.

Usue Alvarez eta Urko Olazabal dira protagonistak zuri-beltzean egindako laburrean. Filmak 50eko hamarkadako zinema beltzaren klasikoak omentzea du helburu. Carolinek kalea begiratzen du leihotik, aurpegia argitzen dion tximistak ekaitza iragartzen du. Atean giltza batzuk entzutean ikaratu egiten da; Nathan da, bere senarra. Bere eskuetara loteria-txartel bat iritsi da,  istripu tragiko bat izan duen neska batena zena. Biek eztabaidatzen dute saria trukatzea etikoa den ala ez, baina badago zerbait bere ahotsen soinuan koadratzen ez duena.

XIMINOA

Itziar Leemans (Donibane Lohizune, 1983) zinegilearen lan berria da ‘Ximinoa’. Senpereko Gastibeltza Filmak eta Bilboko Al Borde Films etxeen arteko koprodukzioa da.

Itziar Leemans Habanako Nazioarteko Zinema Eskolan graduatu zen 2012an. 2015ean eta 2020an, Kubari buruzko bi dokumental luze zuzendu zituen, ‘Parque Lenin’ eta ‘Boca Ciega’. 2018an, ‘Bainera’ fikziozko film laburra egin zuen, eta 2022an ‘Olatuak’, bere hirugarren dokumental luzea zuzendu zuen. Fikziozko lehen film luzea idazten ari da gaur egun, ‘Agurra’. 2019an, NOKA emakume zinemagileentzako mentoretza programan hautatua izan zen.

Euskaraz eta frantsesez egindako fikziozko lan honetan, Junek, udako lehen lana aurkitu du. Constance zaintzen du, maitasun eskasez den neskato sentikorra. Junek laster mantsotzen du haurra eta Elisabethen, bere amaren, konfiantza lortzen du. Junek familia berria atzeman izanaren ilusioa du, baina, lehen okerrean, etxeko langile estatutura itzularazten dute. Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu. Ainara Leemans, Anaïs Villiot Chantelauze eta Sarah Chantelauze dira protagonistak.

Apirila 3, 2023

Kimuak 2023ra aurkezteko deialdia zabalik

MAIATZAREN 8AN ITXIKO DA EPEA

KIMUAK programaren 2023ko edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu da. Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatu eta Zineuskadi elkarteak kudeatutako programa honek, Euskadiko Filmategiaren laguntza du zabalkunderako. Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Partehartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2022eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, iazko berrikuntza mantenduz, Euskal Hirigune Elkargokoez gain, Nafarroako Foru Komunitateko euskarazko film laburrak ere onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.

Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute. Zinemaldi baten kontestuan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Ekaina 8, 2022

Aukeratu dira Kimuak 2022ko laburrak

ZAZPI LANEK OSATUKO DUTE KATALOGO BERRIA

Zazpi izango dira Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatzen duen eta Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen euskal film laburren sustapena eta zabalkundea xede dituen ekimenaren parte izango diren film laburrak.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: María del Puy Alvarado –ekoizlea, gidoilaria eta irakaslea, Malvalanda ekoizpen etxearen sortzailea–; Alejandro Díaz Castaño –FICX, Gijóneko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–; Iñaki Lazkano –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea– eta Javier Ocaña –Zinema kritikaria eta idazlea–.

Aurkeztutako 75 proposamenak aztertu eta honako film laburrak aukeratu dituzte:
 

  • CONTADORES, Irati Gorostidi.
  • CUERDAS, Esti Urresola.
  • FE, Maider Fernández.
  • HEMEN BIZI DA MAITASUNA, Ainhoa Olaso eta Enara García.
  • HIRUGARREN KOADERNOA, Lur Olaizola.
  • IRRITS, Maider Oleaga.
  • LANBROA, Aitzol Saratxaga.


Kimuak 2022 katalogo berriak fikzioa eta dokumentala jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean eginak daude eta lau gaztelaniaz. Aurtengoan, halaber, zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte.
 

CONTADORES
Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) zinemagileak bigarrenez hartuko du parte Kimuak katalogoan, ‘Contadores’ lanarekin. 2017an Arantza Santestebanekin batera zuzendutako ‘Euritan’ dokumentalak ere parte hartu zuen programan.

1978an, metalaren hitzarmen berri baten negoziazioetan dago kokatuta ‘Contadores’ fikzioa. Militante libertarioen talde batek bere jarrera erradikala defendatzen du fabrikako kideen aurrean, langileen mugimenduaren atomizazioa etsipenez adierazten duten bitartean. Santiago Fernández de Mosteyrín, Jaume Ferrete, Claugia Pagès, Iskandar Rementeria, Maite Ronse, Natalia Suárez eta Marina Suárezek osatzen dute aktore-taldea.

Zinemagile nafarrak artea eta zinema ikasi zituen, eta Fulbright bekaduna izan zen New Yorken. Egun garatzen ari den bere lehen film luzea, ‘Anekumen’, Ikusmira Berriak 2022 programan eta mentoretza eta merkatu programetan hautatua izan da. Punto de Vista 2021 jaialdiko X Filmsen irabazlea ere izan zen, eta bertan ekoiztutako ‘San Simon 62’, 2022an estreinatu da Iruñeko Zine Jaialdian. Bere filmak nazioarteko zinemaldi eta ekitaldietan proiektatu dira.

Tractora Koop E., artistaz osatutako kooperatiba bizkaitarrak, Apellaniz & De Sosa ekoiztetxe donostiarrak eta Maddi Barber nafarrak ekoiztu dute filma.

CUERDAS
Estibaliz Urresola Solaguren (Laudio, 1984) zinemagilearen fikzio hau Canneseko Semaine de la Critique-n estreinatu berri da eta Rails d'Or saria jaso du.

Bertan kontatzen du Ritaren istorioa. 90 urte ditu eta desagertzear dagoen abesbatza batean abesten du, entsegu-lokala mantentzea ahalbidetzen dien udal diru-laguntza galdu dutelako. Abesbatzakideek erabaki beharko dute ibarreko enpresa kutsatzaileenetako baten babesa onartzen duten, taldearen jarraipena salbatu ahal izateko.

Begoña Suárez Ereño, Miguel Garcés, Xanti Agirrezabalaga, Jone Laspiur, Oier Zuñiga, Ainhoa Jauregui, San Fuenteseko Emakumeen Abesbatza eta Muskizko Juego de Damas Antzerki Taldea dira film honen protagonistak.

Urresola ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da (UPV-EHU). Muntaiaren edizioa eta teoria ikasi zituen Kubako EICTV eskolan, eta ESCACen zinema zuzendaritza eta film business masterra du. 2011z geroztik, fikziozko eta dokumentaleko piezak idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu, estatuko eta nazioarteko jaialdi askotan parte hartu dutenak. 'Polvo Somos' (2020) fikziozko film labur onenaren sarirako hautagai izan zen 2022ko Goya sarietan, Bilboko ZINEBI jaialdiko Euskal Film labur Onenaren Sari Nagusia jaso ondoren. 2019an Sirimiri Films ekoiztetxea sortu zuen, eta gaur egun ‘20.000 especies de abejas’, fikziozko bere lehen film luzea egiten ari da.

FE
Zer gertatzen da zientziak eta erlijioak bat egiten dutenean? Galdera horren bueltan sortu du Maider Fernández Iriartek (Donostia / San Sebastián, 1988) ‘Fe’ film laburra. 2016an ‘Gure hormek’ (María Elorzarekin batera zuzendutakoa) lanarekin hartu zuen parte Kimuak-en.

Sofia da bere azken lanaren protagonista. Ama birjina ikusi eta Lourdes bixitatzera joan ostean, sendagaitza zen gaixotasuna sendatuko zaio.  Bitartean, beste leku eta momentu batean, mediku talde batek bere kasua aztertuko du.

‘Mirari’ Izenburua izango duen lehen fikzio lanean murgilduta dago hezitzaile eta zinemagile donostiarra. Bere dokumentalak askotariko jaialdietan izan dira ikusgai orain arte, besteak beste, BAFICI, Festival de Sevilla, DA edo FIC Urugay-n. 2019an Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean estreinatu zuen lehen film luzea, ‘Las letras de Jordi’ dokumentala.

‘Fe’ 2022ko Malagako Zinemaldian estreinatu da, dokumental laburren sail ofizialean, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Gainera, nazioarteko saria jaso du BAFICI 2022 jaialdian, nazioarteko lehiaketan, eta Las Palmas-ko 2022ko Jaialdian parte hartu du, Panorama España sailean.

HEMEN BIZI DA MAITASUNA
Ane Sagüés Abad, Miren Gaztañaga, Aroa Blanco eta Mila Goikoetxea dira ‘Hemen bizi da maitasuna’ filmeko protagonistak. Matixa, 22 urteko gaztea gurasoen etxean bizi da. Logela eta egonkortasuna hankaz gora jarrita, egoera lehertu egiten zaio. Familiatik kanpo bilatzen du babesa, lagun duen Leirek lagunduta. Amarengandik askatzeak libreago egingo duela erabakita, etxetik joateko hautua egiten du.

Ainhoa Olaso Sopelana (Durango,1996) eta Enara Garcia Elkoroaristizabal (Leioa, 1996) gazteen proiektu hau 2021eko Aukera mentoretza programan aukeratua izan zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren euskarazko proiektu bat sustatzeko babesa jaso zuen ZINEBI jaialdian egindako pitching saioan.

Ainhoa Olasok ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen UPV/EHU-n, eta ondoren Larrotxenen (Donostia) gidoigintza eta zine zuzendaritzako ikastaroak egin zituen, Andoni De Carlos, Pablo Malo eta Michel Gaztambiderekin. Enara Garcia ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da eta Estudios de Cine y Audiovisual Contemporáneos masterra egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Hainbat ikus-entzunezko proiektu egindakoak dira, besteak beste, Eider Rodriguezen narrazio batean oinarritutako 'Edonork ez luke' film laburra.

HIRUGARREN KOADERNOA
Lur Olaizola (Donostia-San Sebastián, 1988) zinemagilearen hirugarren film laburra da ‘Hirugarren koadernoa’, eta Kimuak katalogoan parte hartzen duen bigarrena. 2021eko haukeraketan hautatua izan zen ‘Zerua blu’. Parisko Cinéma du Réel jaialdi entzutetsuan aurkeztu berri du.

Aktore bat (Ana Torrent) eta zinemagile bat (Lur Olaizola) gidoi baten entseguan murgilduta daude. Gidoi horrek María Dolores González Katarainen, Yoyes-en, egunerokoa du oinarri, Mexikon erbersteratu zen bitartean idatzitakoa ETA utzi ondoren, 1980 eta 1985 artean.

Lur Olaizola zinema programatzailea eta zinemagilea da. 2015etik, Donostiako Tabakalerako ikus-entzunezko programazioa kudeatzen du eta 2020tik irakaslea da Elías Querejeta Zine Eskolan. 2017an José Val del Omar-en lehen atzera begirakoa komisariatu zuen New York-en (Distant Touch: José Val del Omar, Anthology Film Archives), eta 2021ean Berlinale Talents programan parte hartzeko hautatu zuten. Punto de Vista jaialdiko aukeraketa batzordeko kidea da.

IRRITS
Fikzio honetan, Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, haurrentzako udalekuetako begirale lanetan ari dira. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, desiraz blai, gertatu zaiona kudeatu nahian noraezean ibiliko da, Clarak eraman nahi duen tokira jarraitzeko prest. Izaro Nieto, Ángela Echániz eta Xabier Elizalde dira aktore nagusiak. Malagako jaialdian estreinatu zen film laburra.

Maider Oleagak (Bilbo, 1976) ‘Amaren ideia’ (2010), ‘Esperanza’ (2012) eta ‘Verabredung’ (2017) dokumentalak idatzi eta zuzendu ditu. Azken horrekin Doc España sekzioan gailendu zen, SEMINCI jaialdian. Bere laburren artean daude ‘Sitios prestados al aire’ (2010) edo ‘Luce neón’, ‘Gure Oroitzapenak’ (Destierros, 2018) film kolektiboko zatia, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean hartu zuena parte. Zinemaldian izan dira ikusgai, ere bai, ‘Iragan Gunea Berlin’ (2016) dokumentala, ‘Verabredung’-en aurrekaria, eta ‘Paso al límite’, ‘Muga deitzen da pausoa’ filma bilakatu zena gero, Ikusmira Berriak sailerako hautatua izan zena eta Festival Internacional de Cine de Gijón eta Zinemaldiko Zinemira sailetan aurkeztu zena gero.

Elías Querejeta Zine Eskolako kolaboratzailea da eta 2020an Euskal Zinemaren Irizar sariko epaimahaiburu izan zen Donostiako Zinemaldian. 2021ean, gidoi onenari saria eman zioten bertan, ‘Kuartk Valley’ lanagatik eta ‘Kinka’ laburra ere saritu zuten Bilboko ZINEBI jaialdian.

LANBROA
Aitzol Saratxagaren (Bilbao, 1995) hirugarren film laburra da ‘Lanbroa’ drama fantastikoa. ‘Basoan’ eta ‘Ziren’ (FANT eta Caostica jaialdietan saritutalpal) laburrez gain, hainbat bideoklip zuzendu ditu Liher edo Las Selvas-en moduko taldeentzat.

Zuzendari lanetan ibiltzeaz gain, soinu-banden konposizioan dihardu, besteak beste, ‘García y García’ edo ‘La higuera de los bastardos’-en. Gainera, irudi digitaleko teknikari eta kolorista gisa hainbat produkziotan egin du lan.

‘Lanbroa’-n, aita (Mikel Losada) eta alaba (Sara Balerdi) basoan bizi dira, isolaturik, eta zuhaitz artetik irteten den lanbroari beldur diotela. Izan ere, izaki bizidun ororen gorputzean eta adimenean efektu suntsitzailea eragiten du lanbroa horrek.

Ainara Mentxaka eta David Perez Sañudorena (‘Aprieta pero raramente ahoga, Kimuak 2017) da gidoia eta Amania Films, Beude eta Euskal Herriko Zinema Eskolak (ECPV) ekoitzi dute.

 

Ekaina 2, 2022

75 film labur aurkeztu dira Kimuak 2022ra

AUKERAKETA EKAINAREN 8AN JAKINARAZIKO DA

Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatzen duen eta Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen KIMUAK programak Euskadiko Filmategiaren laguntza du film laburrak zabaltzeko.

Joan den asteazkenean, ekainak 25, itxi zen programa honen 2022ko ediziorako film laburrak jasotzeko epea, eta 75 film labur aurkeztu dira guztira.

Izena eman duten lanak aztertu eta ebaluatzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Honako kideek osatzen dute:
 

  • - María del Puy Alvarado: Ekoizlea, gidoilaria eta irakaslea. Malvalanda ekoizpen etxearen sortzailea.
  • - Alejandro Díaz Castaño: FICX – Gijóneko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria.
  • - Vanesa Fernández: ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria.
  • - Iñaki Lazkano: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea.
  • - Javier Ocaña: Zinema kritikaria eta idazlea.


Asteazkena, ekainaren 8an emango da jakitera Kimuaken katalogo berria osatuko duen aukeraketa.

Maiatza 2, 2022

Zabalik dago Kimuak 2022ra aurkezteko epea

DEIALDIA MAIATZAREN 25EAN ITXIKO DA

Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatu eta Zineuskadi elkarteak kudeatutako KIMUAK programaren 2022ko edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu da. Programa honek, Euskadiko Filmategiaren laguntza du zabalkunderako. Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2021eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, eta aurtengo berritasun gisa, Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Hirigune Elkargoko euskarazko film laburrak ere onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.

Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute. Zinemaldi baten kontestuan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 25era bitarte egongo da zabalik.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Ekaina 7, 2021

Osatu da Kimuak 2021 katalogoa

ZORTZI FILM LABURREK OSATZEN DUTE AUKERAKETA BERRIA

Hautatu da jada Kimuak programaren 24. edizioan banatuko den film labur sorta. Zortzi izango dira Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak Zineuskadiren laguntzarekin kudeatutako euskal film laburren sustapena eta zabalkundea xede dituen ekimenaren parte izango diren lanak.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–, Ainhoa Fernández de Arroyabe –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–, Víctor Lamadrid –Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea– eta Ana Esperanza Redondo –Donostia Zinemaldiko Dokumentazio eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea–.

Aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta honako film laburrak aukeratu dituzte:
 

  • AZALETIK AZALERA, Mel Arranz.
  • BERAK BALEKI, Aitor Gametxo.
  • HELTZEAR, Mikel Gurrea.
  • INNER OUTER SPACE, Laida Lertxundi.
  • RESONANCIAS (OIHARTZUNAK), Iñigo Aranburu.
  • TRUMOIAK, Iker Maguregi.
  • UR AZPIAN LORE, Aitor Oñederra.
  • ZERUA BLU, Lur Olaizola.


Katalogo berriak genero nagusiak jasotzen ditu, forma narratibo ezberdinetan landuta. Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean daude, bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute (euskara eta ingelesa batek; euskara, frantsesa eta ingelesa, besteak), bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz. Azken batek ez dauka elkarrizketarik.
 

AZALETIK AZALERA

Mel Arranz (Gasteiz, 1998) zuzendariaren lehen filma da AZALETIK AZALERA animazioa. Lerro eta formen artean, eskuek elkar ukitu, ezagutu eta esperimentatzen dute, azalen arteko mugak hautsi nahian.

Arranz Arte Ederretan graduatu zen EHUn. 2018 eta 2019 artean unibertsitate-trukea egin zuen Mexikoko UNAMekin, eta ordutik animazioa, bideo-artea eta soinu-artea izan ditu ardatz. Arte erakusketa ugaritan parte hartu du, besteak beste, Montehermoson, Zas Kultur Espazioan eta Amarika Aretoan egindako mostra kolektiboetan. Bere lan artistikoa sormen lantegien irakaskuntzarekin bateratzen du.
 

BERAK BALEKI

Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du. Iñigo Aranburuk gorpuzten du euskarazko fikzio honen protagonista, eta Koldo Olabarri, Eneritz Artetxe eta Jokin Uribelarreak osatzen dute aktore-taldea.

Aitor Gametxo (Lekeitio, 1989) zinemagileak narratiba tradizionalak eta esperimentazio formala uztartu ohi ditu. Lan pertsonal ugari zuzendu, idatzi eta garatu ditu, horien artean Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarterekin batera zuzendua), El otro mapa de Abauntz (2015, Punto de Vista jaialdiko X-Films atalerako egina), Distantziak (2015, Jesus M. Palacios, Maddi Barber eta Cris Ezquerrarekin batera egina ZINEBI jaialdirako), Cicha Symfonia (2017) eta Hemen. Gaur. Berriz (2020).
 

HELTZEAR

Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira HELTZEAR filmeko protagonistak. Donostian gaude, 2000. urtean. Sara, 15 urteko eskalatzailea, alboan ez duen nebari eskutitza idazten ari zaiola, bere bizitzako igoerarik zailenerako entrenatzen ari da.

Mikel Gurreak (Donostia, 1985), bigarren film laburra du Kimuaken, 2015ean Foxes-ekin parte hartu ondoren. UPFn lizentziatu zen eta London Film Schoolen master bat lortu zuen. Bere film laburrak Montreal World Film Festival bezalako jaialdietan saritu dituzte, eta bere antzerkigintza Londresko Queen Elizabeth Hall eta Madrilgo Fernando Fernán-Gómez antzokietan estreinatu da. 2021eko udan bere lehen film luzea filmatuko du, Suro, Ikusmira Berriak, Sources2 eta Sam Spiegel Film Laben garatzen hasi zuena. Lehenago burututako lanen artean daude Txoria (2013), Rojo en el agua (2010), Los gatos del tejado (2009) eta Primo (2008).

 

INNER OUTER SPACE

Laida Lertxundi zinemagile eta artista ezagunaren azken pieza esperimentala da INNER OUTER SPACE. Gogoeta laburra da, barnekotasunaren eta ekologiaren, indibidualaren eta komunitarioaren artean kokatutako ideien geografiari buruzkoa.

Profesionalak ez diren aktoreek hainbat zentzumen-ariketa egiten dituzte, besteak beste, elkarrizketa telepatikoak, begiak estalita dituzten paseoak eta "Plain air" marrazkiak Euskal Herriko itsas paisaietan eta mendietan. Horrela, ukitzeko eta post-konfinamenduak markatutako errealitate batean egoteko nahia jartzen dute martxan. Helena Estrela, Ren Ebel, Martina Ruiz Ameztoy, Unai Ruiz Ameztoy, Kai Ruiz Ameztoy, Mariana Sánchez Bueno eta Jessica Leek hartu dute parte.

Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) Los Angeles eta Euskadi artean bizi eta lan egiten du. 2012ko Whitneyko Bienalean eta SSIFF, Locarno, Toronto, Rotterdam, New York eta Gijon bezalako jaialdietan proiektatu dira bere filmak, baita New Yorkeko MoMa, Tate Modern eta Whitechapel Gallery (Londres) ere. Matadero Madrid, LUX (Londres), Tramway (Glasgow), FuturDome (Milan), fluent (Santander), Tabakalera (Donostia), Azkuna Zentroa (Bilbo), Marta Cervera, Katonah Museum of Art (New York), Los Angelesko Hammer Museum, Habanako Bienal eta Lyongo Biennale museoetan erakusketak egin ditu. Bere Landscape Plus (Mousse Publishing y fluent) liburua 2019an argitaratu zen. Bere lana LUXek banatzen du Londresen eta Reina Sofia Arte Zentroaren bildumaren zati da.
 

RESONANCIAS (OIHARTZUNAK)

Iñigo Aranburu zuzendaria eta protagonista dela, fikzio labur honetan atzo grabatutako soinuak eta ahotsak gaur erreproduzitzen dira erresonantzia kaxa handi batean.

RESONANCIAS (OIHARTZUNAK) Iñigo Aranburu (1971) aktore donostiarraren lehen lana dugu. Aktore bezala, Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi), Hil kanpaiak (Imanol Rayo), Los europeos (Victor García León) eta Diecisiete (Daniel Sánchez Arevalo) filmetan egindako lanak nabarmendu behar dira. Kimuak 2019 aukeraketaren parte izan zen Mateoren ama (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga) film laburraren protagonista izan zen, eta Zinema Culpable de Vila-real jaialdian (Castelló) aktore onenaren saria jaso zuen.
 

TRUMOIAK

Bi anai hondartzan jolasten dabiltza petardoekin. Jabegabe dirudien autokarabana bat aurkitu eta barrualdea aztertzen dute. Arriskuak erakartzen ditu, hori da haien harremanaren oinarria. Peio Bilbao, Tasio Bilbao eta Daniel Gómara dira fikzio honen antzezleak.

Iker Maguregi (Getxo, 1996) Ikus-entzunezko Komunikazio graduduna eta Zuzendaritzan espezializatua da. Azken otsoa (2018) gradu amaierako lana, ZINEBIn eta Zaragozako Zinemaldian aukeratua izan zen, besteak beste. ESCACen burutu berri duen Zinema Zuzendaritza Masterreko lana da TRUMOIAK.
 

UR AZPIAN LORE

Animazio honen protagonista bakarrik dago, eta inori kontatu ezin dion sekretu bat dauka.

Aitor Oñederrak (Deba, 1983) bigarren aldiz hartzen du parte Kimuaken, I Said I Would Never Talk About Politics-ekin parte hartu baitzuen, 2015ean, katalogoan. Bestalde, Beti bezperako koplak (Kimuak 2016) eta Areka (Kimuak 2017) obra kolektiboetan ere esku hartu zuen.

Oñederrak kezka artistiko asko ditu, ikus-entzunezko arteen bidez adierazten dituenak. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 2008an Animadeba Animazio Zinemaldiaren Nazioarteko Jaialdia sortu zuen. 2009tik ikus-entzunezko sortzaile eta ilustratzaile gisa lan egiten du.
 

ZERUA BLU

> 1954ko urtarrilaren 24ea, 22 urteko Mamaddik itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zinean, pantailatik atera eta inoiz desagertzen ez diren irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.

Euskara, frantsesa eta ingelesa uztartzen dituen dokumental hau, Lur Olaizola (Donostia, 1988) zinegile eta programatzailearen bigarren filma da. Pasa den ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen eta Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia eskuratu zuen.

Lur Olaizola Tabakalerako zinema departamentuko koordinatzailea eta Elías Querejeta Zine Eskolako irakaslea da. Zinegile gisa Xulia (2019) piezarekin hasi zen eta Hirugarren koadernoa proiektuan lanean ari da. "Hasieratik. Zinema feministaren historiak" zikloa programatzen du Tabakaleran eta Artiumen.

 

Hautatuak suertatu diren film labur hauek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik hasita.

Maiatza 31, 2021

47 film labur aurkeztu dira Kimuak 2021era

AUKERAKETA EKAINAREN 7AN JAKINARAZIKO DA

Kimuaken 2021eko ediziora film laburrak aurkezteko epea pasa den astelehenean, maiatzak 24, itxi zen. Denera, 47 lanek eman dute izena Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak Zineuskadiren laguntzarekin kudeatutako euskal film laburren sustapena eta zabalkundea xede dituen ekimen honetara.

Aurkeztutako filmak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independentea eratu da. Honako kideek osatuko dute:
 

  • Vanesa Fernández: ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria.
  • Ainhoa Fernández de Arroyabe: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea.
  • Víctor Lamadrid: Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea.
  • Alfonso López: Donostia Kulturako Zinema Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea.
  • Ana Esperanza Redondo: Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko eta Dokumentazio eta Film Departamentuko kidea.


Datorren astelehenean, ekainaren 7an, emango da jakitera Kimuaken 24. katalogoa osatuko duen lanen aukeraketa.

Martxoa 16, 2021

Zabalik dago Kimuak 2021era aurkezteko epea

DEIALDIA MAIATZAREN 24EAN ITXIKO DA

KIMUAK programaren 2021eko ediziora film laburrak aurkezteko epea astelehena, maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik.

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako programa honek, Zineuskadiren babesa du euskal film laburren sustapena eta banaketa indartzeko. Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2020ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Uztaila 13, 2020

Aukeratu dira 2020ko laburrak

ZAZPI LANEK OSATUKO DUTE KATALOGO BERRIA

Hautatu da jada Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako Kimuak programaren 23. edizioan banatuko den film labur sorta.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Michèle Driguez –Montpellierreko (Frantzia) CINEMED Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduraduna–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea–, Dora Martí –Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezko sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduraduna–, José Luis Rebordinos: Donostia Zinemaldiko zuzendaria– eta Nekane E. Zubiaur Gorozika –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–. Aurkeztutako 72 proposamenak aztertu eta honako film laburrak aukeratu dituzte:

  1. BARBUDOS, Tucker Dávila Wood eta Larry Mankuso
  2. DAR DAR, Paul Urkijo Alijo
  3. EHIZA, Hauazkena Taldea
  4. EL RUIDO SOLAR, Pablo Hernando
  5. INTERIOR TAXI NOCHE, Iban del Campo eta Silvia Rey
  6. QUEBRANTOS, Maria Elorza eta Koldo Almandoz
  7. YA NO DUERMO, Marina Palacio

Katalogo berriak animazioa, dokumentala eta forma ezberdinetako fikzioa jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, bi gaztelaniaz, bat ingelesez eta gaztelaniaz eta beste bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik.


BARBUDOS
2013ko apirilean, AEBek ezarritako blokeoagatik ere, Bob Wood estatubatuarra Kubara itzuli zen, handik alde egin eta ia 60 urtera.

Habanan ingelesez eta gaztelaniaz filmatutako dokumental hau, Tucker Dávila Woodek eta Larry Mankusok sinatu dute. Dávila Wooden bigarren film laburra da Kimuaken, 2015ean Duellum fikzioarekin parte hartu baitzuen.

New Yorken eta Madrilen trebatu eta lan egin ondoren, Tucker Dávila Woodek (Bilbo, 1976) Mankuso, bere ekoiztetxea sortu zuen 2005ean. Etxe horretan ekoiztu ditu bere lan nabarmenenak: Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos, Duellum. Orain El Comediante bere lehen film luzea garatzen ari da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Bestalde, Larry Mankuso, askoren ustez ekoizle handia eta pertsona okerragoa da.


DAR-DAR
Paul Urkijo Alijo (1984) gasteiztarraren beldurrezko lan berriak neskato bat oinazetzen duen deabru bati hel egiten dio. Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias García aktoreak dira protagonistak.

Urkijo genero fantastikoaren zale amorratua da. Errementari luzearekin (2017) arrakasta lortu ondoren, Irati, bere bigarren filma prestatzen ari da. Bere bigarren aldia da Kimuaken, 2011n Monsters Do Not Exist fikzioarekin hautatua izan bait zen.


EHIZA
Hauazkena taldearen animazio berria da Ehiza. Ruth Escobar, Jugatx Astorkia, Miriam Inza, Angela Jurado, Oihana Leunda, Arrate López Apellániz, Naiara Mallabia, Uxue Reinoso, Bego Vicario eta Roberto Zabartek osatzen duten kolektiboak, 2016tik EHUn lan egin du izen desberdinekin, baina beti irakasle, ikasle eta ikasle ohien arteko elkarlana bilatuz. Kimuaken parte hartu dute Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) filmekin.

Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969. urtean egindako «Homenaje a Tarzan. Capitulo I. La cazadora inconsciente» animaziozko film labur esperimentala “continuará” (jarraituko du) hitzarekin amaitzen zen. Ehizak nolabaiteko jarraipena ematen dio film hari, eta animalien harrapaketaren analogia erabiliz, gaur egun gertatzen diren egoera lazgarriak eta giza eskubideen urraketak salatzen ditu.


EL RUIDO SOLAR
Pablo Hernando gasteiztarrak (1986) bere lehen film laburra du Kimuaken. Nahikari Ipiñak ekoizten du, Code 7 Pictures etxearekin.

El ruido solar, gertaera kosmiko esplikaezin baten ondoren etorkizunaren ikuspegi labur bat izan zuten pertsonei buruzko istorioen bilduma da. Eva Llorach, Ingrid García Jonsson, Miquel Insúa, Julián Génisson, Lorena Iglesias, Vito Sanz, Alejandro Morellón, Axier Raya y Vicenç Mirallesek osatzen dute aktore-multzoa.

Egileak hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu. 2015ean egin zuen Berserker film luzea Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen eta Las Nuevas Olas Sari Berezia irabazi zuen. 2016an Esa sensación idatzi eta zuzendu zuen Juan Cavestany eta Julián Génissonekin batera, eta Rotterdamgo Zinemaldian estreinatu zuten. Urte horretan bertan, Gijóngo Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion.


INTERIOR TAXI NOCHE
Iban del Campok eta Silvia Reyk elkarrekin zuzentzen dute fikzio hau. Istorioa bietako baten esperientzia pertsonalean oinarritzen da, eta "Taxicab Confessions" ezkutuko kameren telebista-saio ospetsua eta New York hiria omentzen ditu. Tanya de la Cruz eta Álvaro Ogalla ditu protagonista.

Iban del Campok (Arrasate, 1971) nazioarteko jaialdietan aukeratuak eta sarituak izan dira film labur ugari zuzendu eta ekoiztu ditu. Bere hirugarren aldia da Kimuaken: 2009an Dirty Martini dokumentala eta 2018an Espedizio handia zientzia-fikziozko lana izan ditu katalogoan.

Silvia Rey (Lorca, 1977) film labur eta luzeen ekoizlea eta zuzendaria da. Bere azken film laburra, Wan Xia (2018), film labur dokumental onenaren Goya sarirako izendatua izan zuen.


QUEBRANTOS
Kimuaken hainbatetan parte hartu duten Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko "irrati-grafia" egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean.

Maria Elorza (Gasteiz, 1988) ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Pompeu Fabra Unibertsitatean eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra dauka. Bakarka egindako filmeez gain, kolektiboan ere lan ezberdinak egin ditu, Las chicas de Pasaik bikotearen barne edo Kalebegiak edo Zinergentziak bezalako proiektuen babesean. Tabakalera Arte Garaikide zentroan egiten du lana Zinea.eus atarian eta Larrotxene kutur etxean gauzatzen dituen proiektuekin bateratzen du. Gure hormek (2016, Maider Fernandezekin batera zuzendua) eta Ancora lucciole (2018) dokumentalekin hartu du parte lehenago Kimuaken.

Koldo Almandoz (Donostia, 1973) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna da eta zinemako gradua du New York Unibertsitateko Tisch Schoolen. Kimuaken lehen edizioan parte hartu zuen Razielen itzulerarekin (1998) eta katalogoan parte hartu zuen azken aldia 2017an izan zen, Plágan lanarekin. Bere filmografia Canneseko Semaine de la Critique, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, Gijón Film Fest eta Bafici bezalako jaialdietan aukeratua eta saritua izan da. Egun Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da.


YA NO DUERMO
Marina Palacioren (Donostia, 1996) hirugarren film laburra da Ya no duermo. Elias Querejeta Zine Eskolaren Sorkuntza graduondoko lehen promozioan landu du eta Gariza Produkzioak etxeak ekoiztu du. Errealizadore gazte hau Arte Ederretan graduatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean eta hainbat diziplina artistikotan egiten du lan, bereziki zineman eta argazkigintzan. Gaur egun, bere lehen film luzea idazten ari da Noka Mentoring 2020 programaren barruan.

Ya no duermok Miguel (12) eta bere osaba Kechus (60) erakusten dizkigu. Banpiroen pelikula bat filmatu nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko ahalegin horretan, errealitatea eta fikzioa txandakatzen dira, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harreman berezia erakusten duen jolas batean.


Kimuakek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatuak suertatu diren film labur hauek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik hasita.

Uztaila 1, 2020

72 film labur aurkeztu dira Kimuak 2020ra

AUKERAKETA UZTAILAREN 13AN JAKINARAZIKO DA

Pasa den asteartea, ekainaren 30an itxi zen Kimuaken 2020ko ediziora film laburrak aurkezteko epea. 72 izan dira izena eman duten lanak.

Aurkeztutako filmak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Honako kideek osatzen dute:

  • Michèle Driguez: Montpellierreko (Frantzia) CINEMED – Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduraduna.
  • Alfonso López: Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea.
  • Dora Martí: Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezko sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduraduna.
  • José Luis Rebordinos: Donostia Zinemaldiko zuzendaria.
  • Nekane E. Zubiaur Gorozika: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea.


Astelehena, uztailaren 13an emango da jakitera Kimuaken 23. katalogoa osatuko duen aukeraketa.

Maiatza 6, 2020

Zabalik dago Kimuak 2020ra aurkezteko epea

DEIALDIA EKAINAREN 30EAN ITXIKO DA

KIMUAK programaren 2020ko ediziora film laburrak aurkezteko epea asteartea, ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako programa honek, euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Bizi dugun salbuespenezko egoera dela eta, KIMUAKek beretzat gordetzen du oinarrietan aldaketak egiteko aukera.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Apirila 2, 2020

Kimuak 2020 deialdia atzeratu egingo da

ATZERAPENA BERROGEIALDIARI LOTUTA DAGO

Egungo pandemiak eragindako konplikazioen eta ziurgabetasunaren aurrean, KIMUAK osatzen dugun erakundeok, hots, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategia Fundazioak, euskal film laburren sustapen eta banaketa programa honen 2020ko aukeraketa prozesua atzeratzea erabaki dugu.

Konfinamenduak eragindako egoerak deialdiaren irekiera atzeratzera behartzen gaitu, baina lanean dihardugu atzerapen hori ahalik eta txikiena izan dadin eta 2020an ekoitzitako film laburren ibilbideari kalterik egin ez diezaion.

Euskal ikus-entzunezkoen industriako hainbat eragilerekin etengabe harremanetan gaude, eta datozen asteetan informazio zehatzagoa eman ahal izatea espero dugu.

Prozesu honen inguruko zalantzak argitzeko, ohiko kontaktuetan aurkituko gaituzue.
 

Maiatza 28, 2019

65 film labur aurkeztu dira Kimuak 2019ra

AUKERAKETA EKAINAREN 11N JAKINARAZIKO DA

Pasa den ostirala, maiatzaren 24ean itxi zen Kimuaken 2019ko ediziora film laburrak aurkezteko epea. 65 izan dira izena eman duten lanak.

Aurkeztutako filmak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Honako kideek osatzen dute:
 

  • Carlos Plaza: Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria.
  • Carmen Serrano: Andaluziako Juntako ‘Cortometrajes Andaluces’ film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea.
  • Garbiñe Ortega: Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria.
  • Roberto Barrueco: Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria.
  • Ruth Pérez de Anucita: Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.


Asteartea, ekainaren 11n emango da jakitera Kimuaken 22. katalogoa osatuko duen aukeraketa.

Maiatza 10, 2019

24ean itxiko da Kimuak 2019ra aurkezteko epea

BI ASTE GELDITZEN DIRA FILM LABURRAK BIDALTZEKO

KIMUAK programaren 2019ko ediziora film laburrak aurkezteko epea ostirala, maiatzaren 24ean itxiko da.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2018ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren film laburrak, eta telebistaz, internetez edota beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Martxoa 1, 2019

Zabalik dago Kimuak 2019ra aurkezteko epea

DEIALDIA MAIATZAREN 24EAN ITXIKO DA

KIMUAK programaren 2019ko ediziora film laburrak aurkezteko epea ostirala, martxoaren 1etik ostirala, maiatzaren 24ra bitartean egongo da zabalik.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin antolatutako programa honek, euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2018ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Otsaila 26, 2019

Kimuak 2018 Tabakaleran

AUKERAKETAREN LEHEN EMANALDI PUBLIKOA

Datorren osteguna 28an, arratsaldeko 19:00etan, Kimuak 2018 aukeraketa osatzen duten film laburren emanaldia egingo da Donostiako Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak antolatuta.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Kimuak programak, euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Azkeneko katalogo honetan jasotako lanak honakoak dira: Maddi Barberren 592 METROZ GOITI, Josu Martinezen AMA, Maria Elorzaren ANCORA LUCCIOLE, Iban del Camporen ESPEDIZIO HANDIA, Miguel Ángel Jiménezen KAFENIO KASTELLO, Sara Fantovaren NO ME DESPERTÉIS eta Pello Gutiérrezen ZAIN.

Film labur sorta honek pasa den Donostia Zinemaldian hasi zuen ibilbidea, eta orduz geroztik 109 aukeraketa eta 13 sari eskuratu ditu guztira. Rotterdam, ZINEBI, Euskal Zine Bilera, SEMINCI, ALCINE, Visions du Réel, ABYCINE, Bogoshorts, Porto/Post/Doc eta Aguilar de Campoo bezalako jaialdietan parte hartu ostean, ostegunekoa publiko zabalari zuzendutako lehen proiekzioa izango da eta egileak bertan izango dira beraien lanak aurkezten.

Emanaldirako sarrerak salgai daude jada Tabakalerako InfoPuntuan eta Kutxabank webgunean.

Ekaina 12, 2018

Aukeratu dira 2018ko laburrak

ZAZPI LANEK OSATUKO DUTE KATALOGO BERRIA

Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duten Kimuak programak 20 urte daramatza euskal flm laburrak ikusgai egin eta ezagutarazten. Urteroko uzta onena nazioarteko jaialdi eta topaketa profesionaletan banatzen den katalogoan jasotzen dute.

2018a iritsi da jada. 70 film laburren artean egin behar izan du aukeraketa epeimahaiak, inoiz jasotako kopuru handiena. Carlos Plaza (Donostia Kultura), Ivan Miñambres (Uniko), Jorge Rivero (zinegile eta programatzailea), Lorena Martin (Canarias en Corto) eta Ruth Pérez de Anucita (Donostia Zinemaldia) izan dira aurento epaimahaikideak eta ondorengo zazpi lanak aukeratu dituzte:

1. 592 METROZ GOITI, Maddi Barber

2. AMA, Josu Martinez

3. ANCORA LUCCIOLE, Maria Elorza

4. ESPEDIZIO HANDIA, Iban del Campo

5. KAFENIO KASTELLO, Miguel Ángel Jiménez

6. NO ME DESPERTÉIS, Sara Fantova

7. ZAIN, Pello Gutiérrez

Katalogoak dokumentala eta fikzioa jasotzen ditu, generoen arteko mugak hautsiz zenbait kasutan. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bi euskaraz eta gaztelaniaz, bat euskaraz eta frantsesez, bat gaztelaniaz eta italieraz eta azken bat grekoz.

Kimuak programatik pasatako zinemagileen zerrendan Jose Mari Goenaga, Jon Garaño, Telmo Esnal, Asier Altuna, Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga, Koldo Serra, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Koldo Almandoz edota Luiso Berdejo bezalako izen ezagunak aurki ditzakegu. Aurten Maddi Barber, Josu Martinez, María Elorza, Iban del Campo, Miguel Ángel Jiménez, Sara Fantova eta Pello Gutierrez batuko zaizkie izen horiei.

1998tik 800 film labur baino gehiago aurkeztu dira Kimuak-era eta guztira 137 aukeratu dira katalogorako.

 

592 METROZ GOITI

Maddi Barber (Iruñea, 1988) zinegileak zuzendu du Suitzako Visions du Réel jaialdi ospetsuan estreinatu den dokumental hau.

592 metroz goitiegilearenIkus-antropologia master bukaerako proiektu bezala hasten da. Lurralde batek erabateko aldaketa jasaten duenean bertako biztanleek dituzten bizi aukerak aztertzen ditu, 1990. hamarkadan Itoitzeko urtegiak urperatu zituen inguruak behatuz. 592 metroko garaieran dagoen kotak bailara bitan zatitzen du: maila horren azpitik ura dago, goitik, bizitza.

Leioako Doxa Producciones etxeak ekoiztu du dokumentala. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatu zuten Nafarroako Pirinioen magalean, 2017ko udan. Maddi Barberren laugarren lana da; 2015ean Zinergentziak barruan Distantziak film kolektiboan parte hartu zuen eta 2017an Ametsen egunerokoa / Diario de Sueños zuzendu zuen berak bakarrik. Berriki Yours Truly egin du, Christopher Murray eta Charlotte Hoskins egileekin batera.

 

AMA

Josu Martinezek (Bilbo, 1986) zuzendu duen AmaGure oroitzapenak, Joseba Sarrionaindiaren obran oinarritutako film kolektiboko pieza bat da. Bilboko Adabaki produkzio etxeak bultzatu eta ekoiztu du proiektua.

Amak 1915eko udara eramaten gaitu, Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean, gutun baten esperoan bizi den emakume baten etxera.

Josu Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazio saileko ikertzaile eta irakaslea da. Zinemagintzan, sei dokumental luze zuzendu ditu, tartean Itsasoaren alaba (2009), Sagarren denbora (2010), Prohibido recordar (2010) eta Donostia Zinemaldian estreinatu zen Gure sorlekuaren bila (2015). Lapurdin kokatutako Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen sortzailea ere bada eta literatura mailan, hiru saiakera liburu publikatu ditu.

 

ANCORA LUCCIOLE

Ancora lucciole, Maria Elorzarendokumental berriak, gaztelania eta italiera nahasten ditu 1972an Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzitako hitzak gogora ekartzeko. Artikulua idatzi eta gutxira hil zuten Pasolini, eta ordutik, ipurtargiak ere desagertuz joan dira. Bada oraindik, baina, gogoratzen dituenik.

Maria Elorza (Gasteiz, 1988) bigarren aldiz egongo da Kimuaken, 2016an Maider Fernandezekin osatzen duen Las chicas de Pasaik kolektiboaren Gure hormek aurkeztu eta gero.

Filmografia luzea dauka gasteiztarrak. Las chicas de Pasaik bezala sinatu ditu Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Agosto sin ti (2015), Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea (2016) eta Gure hormek bera. Bere kabuz zenbait dokumental egin ditu, tartean Antología de conversaciones cotidianas (2011).

Maria Elorza Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Bartzelonan eta Sormena eta Ikerketa Artean masterra egin zuen UPV-EHUn. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egiten du lana eta LUPA Dokumental Mostraren lantaldearen partaide eta Larrotxene Kultur Etxeko irakaslea ere bada.

 

ESPEDIZIO HANDIA

Iban del Campo arrasatearra ere bigarren aldiz izan da aukeratua Kimuak programan, 2009an Dirty Martini dokumentalarekin parte hartu zuen eta.

Espedizio handia zientzia-fikziozko lana da. L´Estrange familia protagonista hartuz, gizakiak izarren hautsa baino gehiago izateko duen nahia behatzen du, familia hau espaziorako bidean jarraituz.

Iban del Campo Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea da Mondragon Unibertsitatean eta bertako ikasleek antolatzen duten Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren sustatzaile eta koordinatzailea da. Besteak beste, Un tal Eusebi (2003), Lo bakarrik (2008), Katebegitik (2011), Con Tramontana (2012) eta Tigger! (2016) laburrak zuzendu ditu.

 

KAFENIO KASTELLO

Miguel Ángel Jiménezek zuzendu eta Gasteizko Kinoskopik etxeak ekoiztu dute  Kafenio Kastello dokumental fikzionatua. Atenaseko erdigunean, krisiaz eta suntsipenaz inguratuta bizi den pertsonaia talde txiki batek patu ilunari eusten dio, beraien arteko anaitasunari esker.

Jiménezek (Madrid, 1979) Khorosho aurkeztu zuen Kimuaken 2010ean. Bere lehen film laburra Aki Kaurismäkiren laguntzarekin egin zuen 2001 urtean eta 2007an Kinoskopik sortu zuen Gorka Gómez Andreu eta beste bi bazkiderekin batera. 2008an Días de abanico dokumental laburra egin zuen eta 2009an Ori, bere lehen film luzea grabatu zuen Georgian. Chaika, bere bigarren luzea, Donostia Zinemaldiko Zuzendari berriak atalean estreinatu zen 2012an. Orain Sumendia fikzioa prestatzen ari da, Bilbo eta Grezia artean grabatuko dena.

 

NO ME DESPERTÉIS

No me despertéis Sara Fantova (Bilbo, 1993) zinegile gaztearen lehen filma da. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatuta dago eta Bartzelonako ESCAC zinema eskolako gradu bukaerako lana da. Esperientzia pertsonal batetik abiatuta sortu du lana.

Jone DBH 4. mailako ikaslea da. 2009ko Bilbora eramaten gaitu, protagonistaren institutuan arnasten den giro abertzale eta aldarrikatzailera. Grebak eta manifestaldiak ohiko ekintzak dira nerabeen artean, baina Joneren errealitatea oso bestelakoa da.

 

ZAIN

Pello Gutiérrez (Donostia, 1979) sortzaileak zuzendu du Zain komedia tristea. Kaurismäkiren estetika jarraituta, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egiten du.

Zazpi T’erdi ekoiztetxeko sortzailea da Pello Gutiérrez, David Aguilarrekin batera. 2007tik, ez-fikzioa eta mugako generoak landu dituzte eta ekoiztutako lanekin (Nao Yik, Mara mara, Converso) hainbat nazioarteko sari jaso dituzte. Berak zuzendutako lanak dira Heroínas sem nome (2011), Abuztua (2014) eta Ozpinaren sindromea (2017).

Maiatza 31, 2018

78 film labur aurkeztu dira Kimuak 2018ra

AUKERAKETA EKAINAREN 12AN JAKINARAZIKO DA

Pasa den ostirala, maiatzaren 25ean itxi zen Kimuaken 2018ko ediziora film laburrak aurkezteko epea. 78 izan dira izena eman duten lanak, programak bere hogei urteetan jasotako zifrarik altuena.

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Honako kideek osatzen dute:

  • Carlos Plaza: Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria.
  • Iván Miñambres: UniKo ekoiztetxeko zuzendaria.
  • Jorge Rivero: Zinegilea, Asturiasko Cortometrajes Laboral Cinemateca programako koordinatzailea, Cortosfera aldizkariko kritikaria eta Gijongo eta Aguilar de Campooko zinemaldien programatzailea.
  • Lorena Martín: Canarias en Corto programako tekniko arduraduna.
  • Ruth Pérez de Anucita: Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.


Asteartea, ekainaren 12an emango da jakitera Kimuaken 21. katalogoa osatuko duen aukeraketa.

Maiatza 15, 2018

Kimuak 2018ra aurkezteko azken egunak

DEIALDIA MAIATZAK 25EAN ITXIKO DA

KIMUAK egitasmoaren 2018ko ediziora film laburrak aurkezteko epea datorren ostirala, maiatzaren 25ean itxiko da.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2017ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren film laburrak, eta telebistaz, internetez edota beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Martxoa 26, 2018

Euskadiko Filmategiak 40 urte eta Kimuakek 20

PROGRAMAZIO BEREZIA EGONGO DA APIRILEAN

Apririlean bi zifra borobil ospatuko ditugu, Euskadiko Filmategiaren 40 urteurrena eta Kimuaken 20.a.

Hilabetean zehar, programazio berezi batek euskal zinemaren errepasoa egingo du. Néstor Basterretxea eta Fernando Larruquerten ‘Ama Lur’ (1968) filmak irekiko du ospakizuna osteguna 5ean eta 26an Kimuaken aukeraketa batek itxiko du festa.


Apirilak 5 (19:00) [Tabakalera / 1 Zinema Aretoa]

AMA LUR (Néstor Basterretxea, Fernando Larruquert, 1968). Espainia. JBES+JBEU.103'.
Frontera Films produkzio-etxeak harpidetza herrikoi bitartez burututako filma. Euskal Herriari egindako gorazarrea da Ama Lur; eta lurraldearen eta herritarren inguruko ikuspegia eskaintzen du. Kaleidoskopio bat da; izan ere, hirurogeitamar gaitik gora jorratu zituzten lurralde guztian zehar bi urtez luzatutako errodajean.


Apirilak 12 (19:00) [Tabakalera / 1 Zinema Aretoa]
FARAON -Faraón- (Jerzy Kawalerowicz, 1966). Polonia. JBAES.145'.
Inperio Berria. Egipto une zail bat bizitzen ari da. Alde batetik, asiriarrek herrialdea indarrez hartzeko meatxua jaurti dute eta, bestetik, herriaren egoera gero eta txiroagoa da. Behin faraoi izendatu ostean, Ramsés XIII. gazteak egoerari konponbide bat ematea erabaki du, apaiz-leinuaren aberastasunez baliatuta. Izan ere, haiek botere ekonomikoa, erligiosoa eta, egiaz, politikoa ere kontzentratzen dituzte beren eskuetan.
* Aurkezpena:  Peio Aldazábal (Euskadiko Filmategiaren sortzailea).


Apirilak 15 (11:00) [Tabakalera / 1 Zinema Aretoa]
KARRAMARRO UHARTEA (Joxean Muñoz, Txabi Basterretxea, 2000). Espainia. JBEU.70'.
Kain izeneko pirata ontzia. Itsasoaren erdian aurkitzen den harrizko buru baten barruan gordeta dagoen altxorra. Marrazoz jositako itsasoa. Sarbidea itsaslabar izugarri batetik duen karramarro itsurako uhartea… eta gaztelu ikaragarri bat harkaitzaren gainean. Horixe da Karramarro uhartea.
* Aurkezpena:  Joxean Muñoz (filmaren zuzendaria).
* Tabakalerarekin elkarlanean, 'ZINEMARAAA! Zine gaztea' zikloaren baitan.


Apirilak 19 (19:00) [Tabakalera / 1 Zinema Aretoa]
ÁLAVA, VITORIA Y SU CAJA DE AHORROS Y MONTE DE PIEDAD (1957). Espainia. JBES.21'.
Gasteizko Aurrezki Kutxako Propaganda Sailak egindako dokumentala. Gasteizko eta Arabako bizimoduaren, bertako biztanleen eta haien ohituren, eta hango paisaiaren eta industriaren irudiak ageri dira. Hala, hiriburuko leku esanguratsuenetatik ibilbide bat burutzen du filmak.

OCHARCOAGA (Jorge Grau, 1961). Espainia. JBES.12'.
Etxebizitza Ministerioak eskatutako film labur dokumentala. 50. hamarkada bukaeran, milaka etorkin bizi ziren txabolez osatutako herrixketan, Bilbo inguruan. 1958an Bilbora egindako bisita batean, Francori ez zitzaizkion batere gustatu herrixka horiek, eta txaboletan bizi ziren bizilagunentzat etxebizitzak eraikitzeko agindua eman zuen. Txaboletan bizi ziren biztanleen irudiak eta auzunearen eraikuntza prozesua azaltzen ditu film laburrak; era berean, auzo berriaren abantailak azpimarratzen dira.

ESTROPADA BERRIA -Regatas en Orio- (Jesús Almendros, José Luis Arza, 1973). Espainia. JBES.11'.
Orioko, Oxfordeko eta Cambridgeko tripulazioek lehiatutako banku mugikorreko estropadaren antolaketa eta jai giroa biltzen ditu iruditan film labur dokumental honek. Nazioarte mailako estropada hauek Orion sortu ziren 1968an.

NAFARRAKO IKAZKINAK -Carboneros de Navarra- (Montxo Armendáriz, 1981). Espainia. JBES+JBEU.25'.
Montxo Armendárizek 1980an filmatu zuen Nafarroako mendietan ikatz begetala artisau modura lantzen zuten azken ikazkinen testigantza. Handik hiru urtera filmatuko zuen eta bere ibilbidean giltzarri bilakatuko zen filmaren hazia erein zuen dokumental honekin: Tasio.

IKUSKA 14 (Antxon Eceiza, 1982). Espainia. JBEU.10'.
Aurrerapenek bizimodu tradizionalarentzat ekar ditzaketen arriskuez ohartarazten du Zuberoako zonalde bateko artzainen inguruko dokumental honek: landa eremuak suntsitzen dituzten errepide berriak, turismoaren etorrera, ehiztariak, esne alorreko enpresa handiak etab.


Apirilak 26 (19:00) [Tabakalera / 1 Zinema Aretoa]
Kimuakeko film laburren aukeraketa.
* Aurkezpena: Txema Muñoz (Kimuak programaren arduraduna) eta film laburren zuzendarietako batzuk.
* Sarrera:  gonbidapenarekin (apirilaren 23ko 09:00tatik aurrera jaso ahal izango dira Tabakalerako Informazio Puntuan, aretoaren edukiera bete arte).
* Antolatzaileak: Kimuak, Euskadiko Filmategia eta Etxepare Euskal Institutua.

LA GUERRA (Luiso Berdejo, Jorge Dorado, 2005). Espainia. JBAEU.10'.
ÉRAMOS POCOS (Borja Cobeaga, 2005). Espainia. JBES.16'.
ON THE LINE (Jon Garaño, 2008). Espainia. JBAEU.12'.
MINERITA (Raúl de la Fuente, 2013). Espainia. JBES.27'.
ZARAUTZEN EROSI ZUEN (Aitor Arregi, 2014). Espainia. JBEU.16'.
7:35 DE LA MAÑANA (Nacho Vigalondo, 2003). Espainia. JBES.7'.

Martxoa 1, 2018

Kimuak 2018ra aurkezteko deialdia zabalik

MAIATZAREN 25EAN ITXIKO DA EPEA

KIMUAK egitasmoaren 2018ko ediziora film laburrak aurkezteko epea martxoaren 1etik maiatzaren 25era bitartean egongo da zabalik.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2017ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren film laburrak, eta telebistaz, internetez edota beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Urria 2, 2017

Kimuakeko egileak Zinemaldian saridun

ZENBAIT PROIEKTUK ARGIA IKUSIKO DUTE LASTER

Donostia Zinemaldiak poztasun handia utzi digu, izan ere Kimuaken parte hartu duten hainbat zuzendari eta ekoizlek merezitako sari garrantzitsuak jaso bait dituzte.

Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek Epaimahaiaren Sari Berezi preziatua eta Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu zituzten, Handia film luzearengatik.

Gainera, laster argia ikusiko duten zenbait proiektu ere saritu dituzte:

  • Dantza, Telmo Esnal: Glocal in Progress Saria eta Glocal in Progress Industria Saria.
  • Akelarre, Pablo Agüero (Sorgin Filmsek ekozitua): Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko ARTE International Prize.
  • Las letras de Jordi, Maider Fernandez Iriarte (Sr. y Sra. etxeak ekoiztua): REC Grabaketa Estudioa Postprodukzio Saria (Ikusmira Berriak Saria).
Uztaila 28, 2017

'Plágan' Donostia Zinemaldian estreinatuko da

ZABALTEGI-TABAKALERAN LEHIATUKO DA

Koldo Almandozen PLÁGAN dokumental laburra Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sail konpetitiboan estreinatuko da. Donostiako egileak atal berean estreinatu zuen iaz Sîpo Phantasma, bere lehen film luzea.

Bestalde, Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da Sail Ofizialean.

Ekaina 13, 2017

Aukeratu dira 2017ko film laburrak

KATALOGO BERRIA ZINEMALDIAN AURKEZTUKO DA

Zazpi dira Kimuak programaren 20. edizioan banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 51 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo batzordea osatu duten kideek, hots, Edurne Ormazabal – EITB Arlo Komertzialeko zuzendaria–, José Luis Rebordinos –Donostia Zinemaldiko zuzendaria–, Tim Redford –Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdiko Nazioarteko koordinatzailea–, Amaia Revuelta –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria– eta Millán Vázquez-Ortiz –Agencia Freakeko zuzendari orokorra– honako aukeraketa osatu dute:

  1. AB ALIO, Iñigo Royo eta Iñigo Fernández Ostolaza
  2. APRIETA PERO RARAMENTE AHOGA, David P. Sañudo
  3. AREKA, Atxur Animazio Taldea
  4. EURITAN, Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi
  5. FOR THE GOOD TIMES, Andrés Daniel Sainz
  6. LA FIEBRE DEL ORO, Raúl de la Fuente
  7. PLÁGAN, Koldo Almandoz

 

AB ALIO

Ab alio Iñigo Royo eta Iñigo Fernández Ostolaza zuzendariek elkarrekin egindako lana Ignasi Aballíren Listados collagean oinarritzen da eta maitasuna, heriotza eta eulien inguruan ardazten du istorioa.

Iñigo Royo donostiarrak Requiem eta Inventario film laburrekin hartu zuen parte Kimuaken lehen edizioetan (1999an eta 2000an, hurrenez hurren). Iñigo Fernández Ostolaza ECAMen lizentziatua da, dokumental adarrean, eta biek batera hainbat dokumental eta Quid pro quo film laburra zuzendu dituzte.


APRIETA PERO RARAMENTE AHOGA

David Pérez Sañudo zuzendari bilbotarrak eta Gasteizko Amania Films etxeak sinatzen dute terrorearen eta komedia beltzaren artean mugitzen den Aprieta pero raramente ahoga lana.

Zintan, Danielek (Adam Jezierski) ‘Sigfried’ txakurraren zaindari izateko lan elkarrizketa dauka Cosme (Fernando Albizu) jabearekin. Sigfriedek izaera basatia dauka, eta argibideak zehatz-mehatz jarraitzen ez badira, errukigabea izan daiteke.

David Pérez Sañudok zuzendaritza masterra dauka ESCACen eta egun doktoretza egiten ari da Madrilgo Complutensean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere opera prima 2011ko Indirizzo saritua izan zen eta ordutik Malas vibraciones eta Artificial egin ditu, besteak beste.


AREKA

Begoña Vicariok koordinatutako proiektu hau Beti bezperako koplak (2016) lankidetza modu berean sortu da, haren lantande ia osoa errepikatuz.

Animazio ikasle, ikasle ohi eta irakasleak batzen dituen Areka Andoni Egañak Gerra Zibilean desagertarazitakoen oroimenez egindako bertso batean oinarritzen da. 80 urteko Euxebik ez du inoiz jakin aitaren hilobia non zegoen, baina bizirik mantendu du haren memoria, azkenik gorpuzkiak aurkitu dituzten arte.


EURITAN

Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek elkarrekin zuzendu duten Euritan dokumentalak 1985ean Itxaro Bordak idatzitako Klara eta biok narrazioa berrikustea proposatzen du, egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarriz eta bertan azaleratzen duen euskal nortasunarekiko harreman periferikoaren begirada eguneratuz.

Irati Gorostidi Arte Ederretan lizentziatua da eta Zine Garaikidearen Ikerketan Master bat dauka (Universitat Pompeu Fabra, 2013). Arantza Santesteban iruindarra aldiz, Historian lizentziatua da eta Zinema Dokumentalean diplomatu zen Bartzelonako CCFBn. Egun, “Comunicación, cultura, sociedad y política” graduondokoan garatzen du zinemaren inguruko ikerketa lana.


FOR THE GOOD TIMES

Andrés Daniel Sainz donostiarraren For The Good Times komedia melodramatikoak euskal aktore ezagunak bildu ditu; Ramón Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Aitor Beltrán eta Miren Gaztañaga dira, beste zenbaiten artean, familia protagonista osatzen dutenak.

Patriarkaren urtebetetze egunean, semeetako batek armairutik ateratzea erabaki du, senitartekoen tolerantzia probatuz. Afaltzera biltzen direnean, sorpresa gehiago ekarriko ditu, ordea.

Andrés Daniel Sainzek 2016an zuzendu zuen Haïku, bere lehen film laburra, Vidania Films produktorarekin. For the Good Times estreinatzear dela, hirugarren filma prestatzen ari da.


LA FIEBRE EL ORO

Raúl de la Fuenteren La fiebre del oro dokumentala Kanaki Films Gipuzkoako etxeak ekoiztu du.

Iruñeako zuzendariaren Minerita film laburrak Kimuaken 2013ko katalogoan parte hartu zuen eta 2014ko Goya Saria eskuratu zuen Oscarretarako finalista izatea ere lortuz.

Oraingoan, Mozambikeko meatzariengana hurbiltzen da, urrea eta gailu elektronikoetarako beharrezkoak diren mineralak erauzten dituzten lurretara. Populazioaren txirotasunak zorupeko baliabideen aberastasunarekin alderatzen ditu, bien gehiegizko esplotazioa salatuz. 


PLÁGAN

Koldo Almandoz donostiarraren Plágan labur dokumentalak, egun oso hedatua dagoen izurri baten gaineko hausnarketa egiten du, plaga honen kalte eta eragina kameraren atzetik behatuz.

Almandozek Kimuaken lehen edizioan hartu zuen parte Razielen itzulera lanarekin eta orduz geroztik hainbat film labur zuzendu ditu. 2016an Sîpo Phantasma luze dokumentala aurkeztu zuen eta egun bere bigarren film luzea prestatzen ari da.

 

Aukeraketa berriaren aurkezpen ofiziala datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.

Ekaina 2, 2017

52 film labur aurkeztu dira Kimuak 2017ra

AUKERAKETA EKAINAREN 12AN JAKINARAZIKO DA

Asteazkena, maiatzaren 31ean itxi zen Kimuaken 2017ko ediziora film laburrak aurkezteko epea eta 52 izan dira izena eman duten lanak.

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Aurtengo epaimahaia honako kideek osatzen dute:
 

  • Edurne Ormazabal: EiTB Arlo Komertzialeko zuzendaria.
  • José Luis Rebordinos: Donostia Zinemaldiko zuzendaria.
  • Tim Redford: Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdiko Nazioarteko koordinatzailea.
  • Amaia Revuelta: Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria.
  • Millán Vázquez-Ortiz: Agencia Freakeko zuzendari orokorra.


Epaimahaia datorren astelehena, ekainaren 12an bilduko da eta egun horretan bertan emango da jakitera Kimuaken hogeigarren katalogoa osatuko duen aukeraketa.

Martxoa 1, 2017

Kimuak 2017ra aurkezteko deialdia zabalik

MAIATZAREN 31N ITXIKO DA EPEA

KIMUAK egitasmoaren 2017ko ediziora film laburrak aurkezteko epea martxoaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean egongo da zabalik.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2016ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren film laburrak, eta telebistaz, internetez edota beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Urria 27, 2016

‘I Said I Would Never Talk About Politics’ Goya Sarietarako aurre aukeratua

AUKERATUEN ZERRENDA URTARRILEAN JAKINARAZIKO DA

Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics Goya Sarietarako aurre aukeratua izan da, Animaziozko Film Labur Onenaren atalean. Honekin, bosgarren urtea da jarraian Kimuakek ordezkari bat daukala zerrenda honetan.

Isabel Hergueraren ‘Amore d’inverno’ eta Bilboko Uniko enpresak ekoiztutako ‘Decorado’ (Alberto Vázquezek zuzendua) ere sartu dira animazio atal honetan. Halaber, fikziozko laburren artean bi euskal zuzendarik egindako lanak daude: Gaizka Urrestiren ‘El trastero’ eta Alice Waddingtonen ‘Disco Inferno’.

Urtarrila hasieran jakinaraziko dute zeintzuk lehiatuko diren otsaileko galan. Hemen aurkituko duzue aurre aukeratu guztien zerrenda.

Uztaila 28, 2016

Kimuak Zinemaldian

'CAMINAN' ETA 'GURE HORMEK' ZABALTEGI-TABAKALERAN ESTREINATUKO DIRA

Donostia Zinemaldiak Kimuaken dauden edo egon diren zinemagileen presentzia izango du aurten ere.

Mikel Ruedaren CAMINAN fikzioa eta Las chicas de Pasaik (Maider Fernandez eta Maria Elorza) kolektiboaren GURE HORMEK dokumentala Zabaltegi-Tabakalera atalean estreinatuko dira.

Aurten lehiazkoa izatera pasako den atal honetan baita, SÎPO PHANTASMA, Koldo Almandozen lehen film luzea estreinatuko da.

Bestalde, KALEBEGIAK lan kolektiboa Belodromoan erakutsiko da. Film hau hainbat zuzendariren piezek osatzen dute, eta besteak beste, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Telmo Esnal, Koldo Almandoz eta Las chicas de Pasaik-ek berak hartu dute parte.

Ekaina 13, 2016

Aukeratu dira 2016ko laburrak

KATALOGO BERRIA ZINEMALDIAN AURKEZTUKO DA

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 63 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo batzordea osatu duten kideek, hots, Amaia Serrulla –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea–; Carmen Chávez –Cortosfera aldizkariko proiektu zuzendaria–; José Manuel Zamora –Abycine - Albaceteko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Mari Fran Machín –ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea– eta Rosa Zufíak –kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria– honako aukeraketa osatu dute:

  1. BETI BEZPERAKO KOPLAK, Ageda Kopla Taldea
  2. CAMINAN, Mikel Rueda
  3. FALSE FLAG, Asier Urbieta
  4. GURE HORMEK, Las Chicas de Pasaik (Maria Elorza eta Maider Fernandez)
  5. HILETA, Kepa Sojo
  6. IHESA, Alejandro Diaz Castaño
  7. RENOVABLE, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño

Katalogoak fikzioa, dokumentala eta animazioa jasotzen ditu, ikuspegi berrien bidez landuak. Hizkuntzei dagokienez, hiru euskara hutsean daude, bi gaztelaniaz dira, bat euskaraz, italieraz eta gaztelaniaz egina dago, eta beste bat ingelesez.


BETI BEZPERAKO KOPLAK

Begoña Vicariok koordinatutako proiektu hau Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako koplen harian egindako bertso baten interpretazioa da. Santa Ageda doinuaren erritmoa eta metrika erabiliz, genero-indarkeria salatzen du modu gogor eta lehorrean.

Bertsoko estrofa bakoitza (hamahiru dira guztira) animatzaile batek interpretatu du. Vicariok koordinatu duen ikasle taldeaz gain, Kote Camachok, Izibene Oñederrak eta Aitor Oñederrak ere eman dute beraien ikuspegia.

Begoña Vicariok Kimuaken lehen edizioan hartu zuen parte Pregunta por mí laburrarekin, 1997. urtean Goya saria irabazi zuena. Gero, 1999an, Haragia lanarekin sartu zen berriz. Orduz geroztik animazioa irakasten du EHUko Arte Ederren fakultatean.


CAMINAN

Mikel Ruedak zuzendu eta ekoiztutako Caminan dramak, Maribel Verdú eta Germán Alcarazu ditu protagonista eta ezerezaren erdian elkartzen diren bi pertsonaia bakarti erakusten dizkigu.

Bilboko zuzendariak 2012ko Kimuaken katalogoan hartu zuen parte Agua! film laburrarekin. 2010ean Izarren argia, bere lehen film luzea zuzendu zuen, eta 2014an A escondidas estreinatu zuen, hain zuzen ere Germán Alcarazu protagonista zuena.


FALSE FLAG

Asier Urbieta egile donostiarrak False Flag thriller politikoa aurkezten du. Garaje abandonatu batean aurkituko dugu pertsonaia nagusia, tortura jasan ostean esnatzen dela. Eskumuturretan dauzkan sokak apurtzen dituenean, jeep bat garajera sartu eta argiak pizten dira. Eneko Sagardoy eta Maarten Dannenberg dira antzezle nagusiak.

Asier Urbietak telebistarako iragarki eta dokumentalak egiten ditu, batik bat. Bere filmografian Pim Pam Pum (2008), Taxi (2012) eta Arconada (2013) laburrak aurki ditzakegu.


GURE HORMEK

Gure hormek dokumentala Maria Elorza eta Maider Fernandez zuzendariek osatzen duten Las chicas de Pasaik kolektiboak sinatzen du. Egileek etxeko hormak hartzen dituzte abiapuntu bezala, emakumeen esparruari buruzko gogoeta zolia egiteko.

Las chicas de Pasaik-ek Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Errautsak dokumental kolektiboa (2014, Zinebiko Zinergentziak#14 barruan egina), Agosto sin ti (2015) eta Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea zuzendu dituzte.


HILETA

Kepa Sojo zuzendari arabarra aski ezaguna da film laburren munduan, 1997an 100 maneras de hacer pollo al txilindron egin zuenetik. 2015ean Loco con ballesta laburrarekin Goya Sarietarako izendatua izan ostean, lehen aldiz hartzen du parte Kimuaken, Hileta izeneko obrarekin.

Izenburuak dioen bezala, istorioa beila batean garatzen da, 1925ean, Martikorena sendia Inge gaztea agurtzen ari dela. Bilbea Carl Theodor Dreyerren Ordet filmaren sekuentzia batean oinarritzen da, baina Sojoren ukitu nahastezina dauka. Aparteko aktore-multzoa dago Hiletaren atzean, familia Kandido Urangak, Itziar Atienzak, Mikel Losadak, Martxelo Rubiok, Jose Kruz Gurrutxagak, Josean Bengoetxeak, Asier Hormazak eta Jose Ramon Soroizek osatzen baitute, besteak beste.


IHESA

Ihesa Alejandro Díaz Castañoren lehen lana da. Gijonen jaioa, Donostian bizi izan da azken urteetan. Zinema kazetaritzan dihardu 2000 urteaz geroztik eta egun Caimán Cuadernos de Cine eta Rockdelux aldizkarietan idazten du. Honez gain, Sevillako Zinema Europarreko Jaialdiko programazioaren arduraduna da.

Filmean, Iosu protagonistari existentzia-arazoak planteatuko zaizkio itogin bat dela eta bizilagunen etxera igotzen denean.


RENOVABLE

Renovable Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak batera egindako azken lana da, Loreak film luze sarituaren ostean. 2005ean Goenagak zuzendu zuen Sintonía laneko pertsonaiak elkartzen ditu berriz, aktore berdinek antzeztuak (Josean Bengoetxea eta Tanya de Roberto). Oraingoan, 10 urte ostean, energia berriztagarrien kongresu batean elkartzen dira. Trama Bilboko Iberdrola dorrean garatzen da.

 

Aukeraketa berriaren aurkezpen ofiziala datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.

Ekaina 1, 2016

63 film labur aurkeztu dira Kimuak 2016ra

AUKERAKETA EKAINAREN 13AN JAKINARAZIKO DA

Atzo, maiatzaren 31ean itxi zen Kimuaken 2016eko ediziora film laburrak aurkezteko epea eta 63 izan dira izena eman duten lanak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez sustatzen duen Kimuak egitasmoak, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatua, Euskal Autonomia Erkidegoan zuzendu edo ekoiztutako film laburren sustapena eta banaketa du helburu.

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da.

Aurtengo epaimahaia honako kideek osatzen dute:
 

  • Amaia Serrulla, Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea.
  • Carmen Chávez, Cortosfera aldizkariko Proiektu Zuzendaria.
  • José Manuel Zamora, Abycine - Albaceteko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Zuzendaria.
  • Mari Fran Machín, ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren Koordinatzailea.
  • Rosa Zufía, kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko Zuzendaria.


Epaimahaia datorren astelehena, ekainaren 13an bilduko da eta egun horretan bertan emango da jakitera aukeraketa berria.

Martxoa 1, 2016

Kimuak 2016ra aurkezteko deialdia zabalik

MAIATZAREN 31N ITXIKO DA EPEA

KIMUAK egitasmoaren 2016ko ediziora film laburrak aurkezteko epea martxoaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean egongo da zabalik.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2015eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo produkzio-etxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren film laburrak, eta telebistaz, internetez edota beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Abendua 7, 2015

'Lost Village' Clermont-Ferranden

ZINEMALDIA OTSAILAREN 5ETIK 13RA OSPATUKO DA

George Todriaren Lost Village Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdian lehiatzeko aukeratua izan da.
Zinemaldi hau, nazioarteko garrantzitsuena film laburren esparruan, datorren otsailaren 5etik 13ra bitartean ospatuko da.

Lost Village Euskadi eta Georgiaren arteko koprodukzioa da, eta Julio Cortázarren Casa tomada kontakizunaren interpretazio askea da. Abycine Albaceteko Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu zen, Labur Onenaren Saria eskuratuz.

Urria 27, 2015

'Minerita' Oscar Sarietarako aurre aukeratua

URTARRILAREN 14EAN JAKINARAZIKO DA AUKERATUEN ZERRENDA

Labur Dokumental Onenaren Goya saria eskuratu eta gero, Raúl de la Fuente zuzendariaren Minerita Oscar Sarietarako aurre aukeratua izan da, atal berean.

Lehen galbahetik pasa diren 10 filmetatik, 5 izango dira sarirako hautagaiak. Lortuz gero, Hollywoodeko alfonbra gorria zapaltzen duen Kimuaken hirugarren film laburra izango litzake Minerita, Nacho Vigalondoren 7.35 de la mañana (2003) eta Borja Cobeagaren Éramos pocos (2005) lanen ostean.

Urtarrilaren 14ean jakinaraziko dute aukeratuen zerrenda.

Uztaila 23, 2015

63. Donostia Zinemaldia

TUCKER DÁVILAREN 'DUELLUM' ZABALTEGIN ESTREINATUKO DA

Donostia Zinemaldiak Kimuakeko zinemagileen presentzia izango du aurten ere bere atal nagusietan.

Tucker Dávila Wooden DUELLUM Zabaltegin estreinatuko da. Atal honetan aurkeztu ziren iaz Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Asier Altunaren Soroa eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen.

Altunak berak presentzia errepikatuko du, baina oraingoan Sail Ofizialean egongo da. AMAMA film luzea aurkeztuko du, Urrezko Maskorra irabazteko lehian egongo dena.

Euskal zinemaren ordezkari izango dira baita Álex de la Iglesiaren Mi gran noche, Ofizialean lehiaketaz kanpo dagoena; Imanol Uriberen Lejos del mar, sail honetako emanaldi berezietan ikusiko dena; eta Ben Sharrock eskoziarraren Pikadero, Arratian grabatu dena tekniko eta aktore euskaldunekin.

Ekaina 8, 2015

Aukeratu dira 2015eko laburrak

ZAZPI LANEK OSATUKO DUTE KATALOGO BERRIA

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 54 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek, hots, Amaia Serrulla –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren koordinatzailea–; Luisma González –ALCINE, Alcalá de Henareseko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Mari Fran Machín –ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea–; Marina Díaz –Cervantes Institutuko Zinema eta Ikus-entzunezkoen arduraduna– eta Rosa Zufíak –kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria– aho batez egin dute aukeraketa.

Kimuak 2015 katalogoa honako film laburrek osatzen dute: David Gonzálezen 5 SEGUNDOS, Lander Camareroren A REVENGE STORY, Tucker Dávila Wooden DUELLUM, Mikel Gurrearen FOXES, Aitor Oñederraren I SAID I WOULD NEVER TALK ABOUT POLITICS, George Todriaren LOST VILLAGE eta Iñigo Salaberriaren LUZ A LA DERIVA. Aukeraketak genero nagusiak jasotzen ditu, ikuspegi berrien bidez landuak. Hizkuntzei dagokienez, lauk ez daukate dialogorik, bi ingelesez eginak daude eta beste bat gaztelaniaz.

David Gonzalezen 5 segundos bilbotarrak Kimuaken daukan bosgarren film laburra da, El relevo (2006), El tiempo prestado (2008), Los que lloran solos (2009) eta La calma (2011) lanen ostean. Soraya Peña eta Carlos Algaba aktoreek osatutako bikoteak liskarra izan du berriki eta Carlosek, emazteari barkamena eskatzeko, ezusteko bat prestatu dio. Egoera, ordea, laster okertzen da.

Lander Camareroren A Revenge Story hiru kontinentetan filmatuta dago, ingelesez. Bilbokoak hirugarren urtez jarraian hartzen du parte katalogoan, A Political Story (2013) eta A Serious Comedy (2014) lanekin batera planteatu duen trilogia itxiz. Azken lan honetan, Mark Figueroa aktibista eta blogger ezagunak emakume batek eragin dion mina mendekatzeko plan bat gauzatzen du.

Tucker Dávila Wood zuzendariak, bilbotarra baita, Duellum lana aurkezten du, edozein egun batean basoan gertatutako duelu bat erakusten duena. New York eta Madrilen lanean jardun eta gero, 2005ean Mankuso produkzio-etxea sortu zuen, eta honekin nazioartean arrakasta handia izan duten Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos eta Bodegón egin ditu. Orain El Comediante bere lehen film luzea prestatzen ari da.

Foxes Mikel Gurrea donostiarrak Ingalaterran egindako lana da. Bertan, Malcolm eta Aron aita-semeek elkar-ulertzeko borrokatzen duten bitartean, hiriko azeri bat dute atzetik. Mikel Gurreak zuzendaritza masterra burutu zuen 2011 urtean London Film Schoolen eta ordutik British Pathé, BBC Films eta Warner Bros bezalako etxeetan egin du lan. Orain Frankenjura, bere lehen film luzea, garatzen ari da.

Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics katalogoko animazio bakarra da. Egungo klase politikoari eginiko kritika garratza da, “Don Mariano” protagonista duena. Debako errealizadorea herri honetako Animadeba animazio jaialdiko zuzendaria da, eta ilustratzaile eta sortzaile lanetan ere dihardu.

George Todria Georgiako zuzendariaren Lost Village lana Gasteizko Kinoskopik produkzio etxeak aurkezten du, 2010ean Miguel Ángel Jiménezen Khorosho film laburrarekin parte hartu zutenak. George Todriak New Yorken eta Erroman ikasi eta lan egin ostean, zuzendari laguntzaile moduan egin du lan, batik bat. Film honetan, hustutako herri bateko biztanle bakarrak diren emakume eta gizon bat hutsik dauden zenbait etxetan argiak pizten direla konturatzen dira. Pertsonaia bakoitzak era ezberdinean erreakzionatuko du gertakari honen aurrean.

Aukeraketako azken film laburra Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva dokumentala da. Esperimentalaren mugan kokatuz, zuzendari donostiarrak Islandiako gau luzeen erretratua egiten du, iluntasuna funtsezkoena argira ekartzen duen atze-oihal bezala erabiliz. Salaberriak historia eta estetika zinematografikoa ikasi zuen Valladolid eta Paris III unibertsitateetan eta Michel Jaffrennou, Joan Logue, William Wegman eta Ken Feingolden tailerretan aritu da laguntzaile tekniko moduan.

Kimuak adin nagusitasunera iritsiko da katalogo berri honekin. Aurkezpen ofiziala, datorren irailean izango da, Donostia Zinemaldian.

Ekaina 1, 2015

54 film labur aurkeztu dira Kimuak 2015era

AUKERAKETA EKAINAREN 8AN JAKINARAZIKO DA

Pasa den ostirala, maiatzaren 29an itxi zen Kimuaken 2015eko ediziora film laburrak aurkezteko epea eta 54 izan dira izena eman duten lanak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez sustatzen duen Kimuak egitasmoak, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatua, Euskal Autonomia Erkidegoan zuzendu edo ekoiztutako film laburren sustapena eta banaketa du helburu.

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da.

Aurtengo epaimahaia honako kideek osatzen dute:

  • Amaia Serrulla, Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzoreko kidea eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren Koordinatzailea.
  • Luisma González, ALCINE - Alcalá de Henareseko Zinema Jaialdiko Zuzendaria.
  • Mari Fran Machín, ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren Koordinatzailea.
  • Marina Díaz, Cervantes Institutuko Zinema eta Ikus-entzunezkoen Teknikaria.
  • Rosa Zufía, kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko Zuzendaria.

Epaimahaia datorren astelehena, ekainaren 8an bilduko da eta egun horretan bertan emango da jakitera aukeraketa berria.

Martxoa 2, 2015

Kimuak 2015era aurkezteko deialdia zabalik

MAIATZAREN 29AN ITXIKO DA EPEA

KIMUAK egitasmoaren 2015ko ediziora film laburrak aurkezteko epea astelehena, martxoaren 2tik maiatzaren 29ra bitartean egongo da zabalik.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2014ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo produkzio-etxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Urtarrila 8, 2015

Goya Sariak 2015

EUSKAL ZINEMAK ORDEZKARITZA ZABALA IZANGO DU

Zinema Akademiak Goya Sarien 29. edizioan lehiatzeko aurre-aukeratu dituen filmen zerrenda iragarri du.

Kepa Sojoren Loco con ballesta fikziozko film laburra eta Alberto Vázquezen Sangre de unicornio animazioa nor bere kategoriako estatuatxoa lortzeko lehiatuko dira larunbata, otsailaren 7an ospatuko den galan. Alberto Vazquezek atal bereko saria lortu zuen 2012an, Pedro Riverorekin batera zuzendutako Birdboy animazioarekin.

Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) [Kimuak 2013], Dokumental Labur Onenaren kategorian finalista izan da, baina ez du hurrengo fasera pasatzea lortu.

Formatu laburretik kanpo, hainbat euskal ekoizpen eta sortzaile ere galan egongo da.

Film Onenaren Saria eskuratzeko izendatuta dago Loreak, Jon Garañok [Asämara, On The Line] eta Jose Mari Goenagak [Tercero B, Sintonía, Lagun mina] iragan Zinemaldian aurkeztu zuten lana. El niño, La isla mínima, Relatos Salvajes eta Magical Girl Urrezko Maskorraren irabazlea izango dituzte lehiakide.

Horrez gain, Musika Original Onenaren sarirako ere izendatu dute Loreak, Pascal Gaignek egindako soinu bandarengatik. Atal bereko saria eramateko aukera izango du baita Fernando Velázquezek, Ocho apellidos vascos filmarengatik.

Diego San Jose eta Borja Cobeagak [La primera vez, Éramos pocos, Limoncello, Un novio de mierda, Democracia] idatzi duten azken film honek, lau izendapen eskuratu ditu, besteak beste Karra Elejalderen Taldeko Gizonezko Aktore Onenarena eta Kalo Berridiren Argazki-zuzendaritza Onenarena.

Azkenik, Ricardo Ramón eta Beñat Beitiaren Dixie eta matxinada zonbia Animaziozko Film Onenerako hautatua izan da eta Nacho Vigalondok [7:35 de la mañana, Choque, Marisa] zuzendu duen eta EITBren partaidetza duen Open Windowsek Efektu Berezi Onenen saria eraman ahal izango du.

Abendua 19, 2014

'Zarautzen erosi zuen' Clermont-Ferranden

ZINEMALDIA URTARRILAREN 30ETIK OTSAILAREN 7RA BITARTEAN OSPATUKO DA

Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen Frantziako Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdian lehiatzeko aukeratua izan da. Jaialdia, nazioarteko garrantzitsuena film laburren esparruan, datorren urtarrilaren 31tik otsailaren 8ra ospatuko da.

Zarautzen erosi zuen pasa den Donostia Zinemaldian estreinatu zen eta orduz geroztik 16 aukeraketa eta zazpi sari eskuratu ditu. Datozen hilabeteotan Indiako Script International Film Festivalean, Istanbulgo Akbank Short Film Festivalean eta Miami International Film Festival ospetsuan parte hartuko du.

Azaroa 28, 2014

«KIMUAK ETA...» emanaldiak

Kimuakek sei film labur emanaldi antolatu ditu beste hainbeste hiritan urtea ixteko. EAEko hiru hiriburuez gain, Iruñeak, Bartzelonak eta Madrilek ere hartuko dituzte «KIMUAK ETA…» emanaldiak, zeintzuetan programaren parte izan diren zuzendarietako batzuk parte hartuko duten.

«KIMUAK ETA…» Kimuak ospatzeko modua da, bederatzi zuzendariren lan hoberenak errepasatuz. Emanaldiak solasaldi batekin osatuko dira, non egileek programan izandako esperientziari buruz eta beren azken proiektuei buruz arituko diren.

Emanaldiak asteartea, abenduak 2an hasiko dira Bartzelonan eta larunbata 20an amaitu, Madrilen. Pase guztiak doakoak izango dira.

 

EGITARAUA


Asteartea, abenduak 2 – 20:00

BARTZELONA Eta... Telmo Esnal

> EUSKAL ETXEA KULTUR ELKARTEA – Carrer de l’Arc de Sant Vicenç

 Txotx (1997 – 15’) (Asier Altunarekin batera zuzendua)

 Taxi? (2007 – 5’)

 Amona Putz! (2009 – 9’)

Telmo Esnal (Zarautz, 1966). Zenbait film labur Aupa Etxebeste! film luzea zuzendu ditu Asier Altunarekin batera. 2011 urtean Urte berri on, amona!, bakarrik zuzendutako lehen filma estreinatu zuen, 59. Donostia Zinemaldian arrakasta handia lortuz. Ibilbide luzea dauka zuzendari laguntzaile bezala, eta egun Dantza ikus-entzunezko esperimentala prestatzen ari da.

 

Asteazkena, abenduak 3 – 19:30

DONOSTIA Eta... Asier Altuna

> SAN TELMO MUSEOA - Zuloaga plaza, 1

 Topeka (2002 – 3’)

 Artalde (2010 – 8’)

 Zela Trovke (2013 – 13’)

 Soroa (2014 – 13’)

Asier Altuna (Bergara, 1969) zuzendariak Txotx y 40 ezetz film laburrak, Aupa Etxebeste! luzea eta Brinkola telesaila zuzendu eta idatzi ditu. Bakarka, beste zenbait film labur eta Bertsolari dokumentala zuzendu ditu. 2008an Txintxua Films produkzio-etxea sortu zuen; egun Amama fikziozko luzea burutzen dihardu.

Asteartea, abenduak 9 – 19:00

BILBO Eta... Koldo Serra eta Haritz Zubillaga

> ALHÓNDIGA - Arriquibar plaza, 4

 El tren de la bruja (Koldo Serra, 2003 – 17’)

 She's Lost Control (Haritz Zubillaga, 2011 – 10’)

Koldo Serra (Bilbo, 1975). Zuzendaritza laguntzaile gisa lan egiten du bideoklipetan, publizitatean eta zenbait film laburretan (7:35 de la mañana edo Snuff 2.000, esate baterako), eta storyboard-ak egiten ditu publizitaterako nahiz zinemarako. 2006an The Backwoods film luzea zuzendu zuen. Bere beste zaletasuna diseinu grafikoa da, eta eremu horren barruan film laburren jaialdi desberdinetarako egin dituen kartelengatik nabarmendu da. Komikien album bat ere argitaratu du, La bestia del día izenburua duena. Arsénico PC eta Sayaka Producciones Audiovisuales produkzio-etxeen bazkide da, Borja Cobeaga, Nahikari Ipiña, Koldo Serra eta Nacho Vigalondorekin batera.

Haritz Zubillaga (Bilbo, 1977). Film laburrak zuzentzen bide emankorra jorratu du. Las horas muertas lanak hogeita hamar bat sari jaso zituen Espainiako jaialdietan zein nazioartekoetan, eta Fantasiazko Zinemaren Europako Film Labur Onenari ematen zaion Zilarrezko Méliès saria irabazi zuen.

 

Asteartea, abenduak 9 – 19:30

IRUÑEA Eta... Isabel Herguera eta Koldo Almandoz

> Golem Yamaguchi Zinemak - Yamaguchi plaza, 9

 Ahate pasa (Koldo Almandoz, 2009 – 12’)

 Ámár (Isabel Herguera, 2010 – 8’)

 Hubert Le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz, 2014 – 10‘)

 Sailor's Grave (Kolektiboa, 2014 – 5’)

Isabel Herguera (Donostia, 1961). Animaziozko ekoizpen-lanak eta irakaskuntza aldizkatzen ditu. Artelekuko Irudi Mugikorren Laborategiko jarduerak koordinatzen ditu eta horrez gain, irakaslea da Indiako National Institute of Design ikastegian, Ahmedabad hirian.

Koldo Almandoz (Donostia, 1973). Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua, zinemagile-lana eta kazetaritza-lana konbinatu ditu. Idatzizko hainbat komunikabidetan zein irratitan lan egin du eta 12 urte dira jada The Balde arte- eta kultura-aldizkariaren zuzendari dela.

Bi zuzendariek Hubert Le Blonen azken hegaldia eta Sailor's Grave film laburretan kolaboratu dute.

 

Asteazkena, abenduak 10 – 19:30

GASTEIZ Eta... Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi

> Artium – Frantzia kalea, 24

 Tercero B (Jose Mari Goenaga, 2002 – 18’)

 Sintonía (Jose Mari Goenaga, 2005 – 9’)

 Lagun mina (Jose Mari Goenaga, 2012 – 13’)

 Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi, 2014 – 16‘)

Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976). Manchester eta Donostian Enpresa Administrazioa ikasi ondoren, Urnietako Sarobe zentroan errealizazio ikastaroa egin zuen. 2001ean, beste batzuekin batera, Moriarti Produzkioak ekoizpen enpresa sortu zuen. Zuzendu dituen film laburrez gain, Supertramps animazio film luzea, Lucio dokumentala eta 80 egunean eta Loreak fikzio filmak ko-idatzi eta ko-zuzendu ditu. Azken hau zinema aretoetan dago ikusgai.

Aitor Arregi (Oñati, 1977). Moriarti Produkzioak-eko bazkidea den aldetik ekoizpen-etxe honetako hainbat proiektutan hartu du parte eginkizun ezberdinetan. Besteak beste, Sahara Marathon eta Goya Sarietara izendatutako Lucio dokumentaletan ko-gidoilari eta ko-zuzendaria izan da. Horrez gain Glup eta Cristobal Molon animaziozko film luzeak ere ko-zuzendu ditu.

 

Larunbata, abenduak 20 – 19:30

MADRIL Eta... Borja Cobeaga

> Doré Zinema – Santa Isabel kalea, 3

 La primera vez (2001 – 11’)

 Éramos pocos (2005 – 16’)

 Un novio de mierda (2010 – 3’)

 Democracia (2013 – 11’)

Borja Cobeaga (Donostia, 1977). Telebistako lana eta filmen zuzendaritza tartekatzen ditu. Bere film laburrek ehun saritik gora eskuratu dituzte, zeintzuen artean Éramos pocos lanaren Oscarretarako hautagaitza eta La primera vez filmaren Goyatarako hautagaitza nabarmentzen diren. Pagafantas, No controles eta Negociador luzeak zuzendu ditu eta Amigos eta Ocho apellidos vascos filmetako gidoien egilekidea da. Arsénico PC eta Sayaka Producciones Audiovisuales produkzio-etxeen bazkide da, Borja Crespo, Nahikari Ipiña, Koldo Serra eta Nacho Vigalondorekin batera.

Azaroa 6, 2014

'Zela Trovke' Goya Sarietarako aurre aukeratua

URTARRILEAN JAKINARAZIKO DA AUKERATUEN ZERRENDA

Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) Goya Sarietarako aurre aukeratua izan da, Labur Dokumental Onenaren atalean. Kimuaken edizio berean aukeratutako MINERITAk (Raúl de la Fuente) irabazi zuen, hain zuzen, atal honetako azken saria.

Aukeraketa honekin, laugarren urtea da jarraian Kimuakek ordezkari bat daukala zerrenda honetan.

Urtarrila hasieran jakinaraziko dute zeintzuk lehiatuko diren otsaileko galan.
Hemen aurkituko duzue aurre aukeratu guztien zerrenda.

Abuztua 29, 2014

62 Donostia Zinemaldia

KIMUAKEN ETA EUSKAL ZINEMAREN ORDEZKARITZA ZABALA

Aparteko uzta eman du aurten euskal zinemak, eta honen adierazgarri da Donostia Zinemaldiaren 62. edizioaren programazioan izango duen protagonismo berezia.

Kimuak 2014ko hiru film labur – HUBERT LE BLONEN AZKEN HEGALDIA (Koldo Almandoz), SOROA (Asier Altuna) eta ZARAUTZEN EROSI ZUEN (Aitor Arregi) – Zabaltegi sailean emango dituzte, eta halaber, Kimuaketik pasa diren hainbat egileren lan luzeak jaialdiko atal nagusietan izango dira.

Jon Garaño (Asämara; On The Line) eta Jose Mari Goenagaren (Tercero B; Sintonía; Lagun mina) LOREAK Sail Ofizialean ikusi ahal izango da eta Urrezko Mazkorra irabazteko lehian egongo da, Pablo Maloren (Jardines deshabitados) LASA ETA ZABALA sail berean izango da, lehiaketaz kanpo, eta Borja Cobeagaren (La primera vez; Éramos pocos; Limoncello; Un novio de mierda; Democracia) NEGOCIADOR Zabaltegin programatuko da eta Zinemira galan estreinatuko da, irailaren 22an. Raúl de la Fuente (Minerita) zuzendariaren I AM HAITI dokumental luzea Zabaltegi atalean estreinatuko da baita, eta Irizar Saria irabazteko lehiatuko da aurreko guztiekin batera.

Bestalde, Gabe Ibañez madrileko zuzendariaren AUTÓMATA ere Sail Ofizialean lehiatuko da. Berak zuzendutako Máquina film laburra Kimuaken 2006ko katalogoaren parte izan zen.

Ekaina 9, 2014

Aukeratu dira 2014ko laburrak

ZAZPI IZANGO DIRA KATALOGO BERRIA OSATUKO DUTEN LANAK

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 63 proposamenen artean egindako aukeraketaren arabera.

Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek, hots, Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautespen-batzordetako kidea eta Zinemira sailaren eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren Arduraduna–, Josemi Beltrán –Donostia Kulturako Zinema Arduraduna–, Ismael Martín –ECAM zinema eskolako eta Madrid en Corto egitasmoko Sustapen Arduraduna–, Edurne Ormazabal –EITBko Arlo Komertzialeko Zuzendaria– eta Jorge Sanzek –Kultur Kudeatzailea eta Aguilar de Campooko Film Laburren Jaialdiko Koordinatzaile Orokorra– aho batez egin dute aukeraketa.

Kimuak 2014 katalogoa honako film laburrek osatzen dute: Aitor Gutiérrezen ANÓMALO, Lander Camareroren A SERIOUS COMEDY, Kote Camachoren DON MIGUEL, Koldo Almandozen HUBERT LE BLON-EN AZKEN HEGALDIA, Artelekun ekoiztutako SAILOR’S GRAVE proiektu kolektiboa, Asier Altunaren SOROA eta Aitor Arregiren ZARAUTZEN EROSI ZUEN. Genero nagusiak jasotzen ditu eta hizkuntzen ordezkaritza orekatua dago, euskarazko bi, gaztelerazko bi eta dialogorik ez daukaten beste bi baitaude, arabieraz filmatutako azken batekin.

Aipatutako zuzendarietatik bik berriki izan dute harremana Kimuakekin. Asier Altunak eta Lander Camarerok pasa den edizioan hartu zuten parte Zela Trovke eta A Political Story lanekin.

Altunaren Soroa Jorge Oteizaren Hildako bakoitzak hatz salatzaile bat uzten du zerurantz olerkian oinarrituta dago. Bergarako zuzendaria 2012an hasi zen testua lantzen, baina Zela Trovkek hain zuzen eragin zion parentesi bat egin behar izatea. Genero esperimentalarekin jolasten du, poesia bisualaren esparruan.

Lander Camareroren A Serious Comedy Iraken filmatuta dago, arabieraz. Herrialde hartan hogeita hamar urtean egin den lehen komedia da, bilbotarraren aurreko laburraren tonu bertsuan landua. Oraingoan, Iraq Short Film Festivaleko zuzendariak bere jaialdian umorezko lanik jasotzen ez dutenagatik kezkatuta, egoera honi konponbidea emateko burutzen duen plana kontatzen digu.

Bilbokoa da baita Aitor Gutiérrez zuzendaria. Freelance bezala egiten du lan eta zirkuitu independenteetara zuzendutako hainbat film labur egin ditu. Anómalo suspensearen gaineko broma bat da eta Óscar Ladoire, Paco Sagarzazu eta Zorion Egileor aktoreak ditu protagonista.

Kote Camachok zuzendu duen Don Miguel krisiaren eta finantza sistemaren gaineko satira da, irudi erreala animazio bihurtzen duena. Oiartzungo zuzendari honen La gran carrera filma 2010ean egon zen Kimuaken eta sari garrantzitsuak jaso zituen. 2013an Elkartea zuzendu zuen eta orain Atxuriko milagrua proiektua prestatzen ari da.

Hubert Le Blon-en azken hegaldia film biografikoa da, Koldo Almandozen aurreko lanen oso ezberdina narratiba aldetik. Hubert Le Blon hegazkinlari frantziarra 1910ean hil zen Kontxako hondartzan bere biplanoan aireko erakustaldia egiten ari zela. Garaiko irudiak eta Isabel Hergueraren animazioa nahastuta burutu du gertaeren berritzea, Le Blonen emaztearen ikuspuntutik kontatuz.

Koldo Almandoz eta Isabel Hergueraren parte hartzea Sailor’s Grave (Marinelaren hilobia) animaziozko lan esperimentalean ere azaltzen da. Lan hau Donostiako Arteleku zentroak estatuko eta nazioarteko hainbat erakunderekin sarean egindako ekoizpen-lantegi baten emaitza da.

Vuk Jevremovic, Cecilia Traslaviña, Juan Camilo González, Isabel Herguera, José Belmonte, Carlos Santa, Richard Reeves, Wang Liming, Prof. Cheng Kemei eta Koldo Almandoz dira egileak.

Azkenik, Aitor Arregi zuzendari oñatiarrak Zarautzen erosi zuen filma aurkeztu du, jasandako kalte baten ordainarekin obsesionatua dagoen emakume baten istorioa. Nagore Aranburu, Ainere Tolosa eta Gotzon Sanchez dira protagonistak.

Zuzendari bezala Kimuaken dagoen lehen aldia bada ere, berak idatzitako eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Lagun Mina aukeratua izan zen 2012an. Film luze formatuan ere eskarmentu handia du, Lucio (2007) eta Sahara Marathon (2004) dokumentalak eta Goya sarirako izendatuak izan ziren Glup (2004) eta Cristobal Molon (2006) animazioak zuzendu ditu.

Katalogo berria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostia Zinemaldian.

Ekaina 2, 2014

63 film labur aurkeztu dira Kimuak 2014 deialdira

EKAINAREN 9AN JAKINARAZIKO DA AUKERAKETA BERRIA

Pasa den ostirala, maiatzaren 30ean itxi zen Kimuaken 2014ko ediziora film laburrak aurkezteko epea eta 63 izan dira izena eman duten lanak.

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da.

Aurtengo epaimahaia honako kideek osatzen dute: Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautespen-batzordetako kidea eta Zinemira sailaren eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren Arduraduna–, Josemi Beltrán –Donostia Kulturako Zinema Arduraduna–, Ismael Martín –ECAM zinema eskolako eta Madrid en Corto egitasmoko Sustapen Arduraduna–, Edurne Ormazabal –EITBko Arlo Komertzialeko Zuzendaria– eta Jorge Sanz –Kultur Kudeatzailea eta Aguilar de Campooko Film Laburren Jaialdiko Koordinatzaile Orokorra–.

Epaimahaia astelehena, ekainaren 9an bilduko da eta egun horretan bertan emango da jakitera aukeraketa berria.

Maiatza 12, 2014

Kimuaken ereindako haziak, liburu batean

«CORTOMETRAJES DE KIMUAK. SEMILLAS DEL CINE VASCO»

Ainhoa Fernández de Arroyabe, Nekane E. Zubiaur eta Iñaki Lazkano EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzen Fakultateko irakasleek Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco ikerketa argitaratu dute Comunicación Social argitaletxearekin.

Liburuaren abiapuntua Kimuak programaren sorrera, garapena eta bilakaerak osatzen dute, nazioarteko nahiz estatu mailako zinemaldietan presentzia eta arrakasta lortu dituzten katalogoko film laburrei arreta berezia eskainiz. Halaber, euskal film laburraren inguruan eratutako sormen artistikoaren zein industriaren garrantzia nabarmentzen da.

Honez gain, ikergai izan diren ehundik gorako film laburretan ageri diren gai zein ildo narratibo eta formalen mapa orokorra eskaintzen da. Liburuaren egileek genero hibridazioa Kimuakeko filmen nortasun zeinurik nagusienetakoa dela egiaztatu dute, eta dokumental faltsuen ugaritasuna eta animazio esperimentalaren nagusitasuna ere azpimarratu dituzte.

Argitalpenaren muina ordea, Kimuaken lehen hamabost urteetan parte hartu duten hemezortzi zinemagile esanguratsuenen lanen analisiak osatzen du. Egileak hautatzeko orduan, ikuspuntu filmiko batetik interesgarrienak diren edo zinemaldietan ibilbide oparoena izan duten pelikulekin erlazionatutako zuzendariak hautatu dituzte. Izenburu hauen bidez euren egileen filmografian etengabe azaltzen diren lerro narratibo eta formalak azalerazten dira.

Argudio horiek oinarri harturik, hiru ikertzaileek Kimuak programan bi film labur edo gehiago dituzten zinemagileak aukeratu dituzte: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Tinieblas González, David González Rudiez, Isabel Herguera, Ione Hernández, Igor Legarreta, Emilio Pérez, Oskar Santos, Koldo Serra, Begoña Vicario, Nacho Vigalondo eta Haritz Zubillaga, hurrenez hurren. Hauei egindako elkarrizketak, aukeratutako film laburren zein zinema sormen garaikidearen inguruan gogoeta baliotsuak eskaintzeaz gain, egindako analisien osagarri edo kontrapuntu dira.

Argitalpen honek beraz, formatu laburrak euskal zineman duen garrantzia eta kalitatea erakusteko asmoa du. Ezinbesteko irakurketa formatu laburra maite dugunontzat.

Liburua aurki egongo da salgai EAEko liburu-dendatan. Internet bidez ere eskura daiteke, argitaletxearen webgunean.

Martxoa 1, 2014

Zabalik dago Kimuak 2014era aurkezteko deialdia

MAIATZAREN 30EAN ITXIKO DA EPEA

Kimuak egitasmoaren 2014ko ediziora film laburrak aurkezteko epea martxoaren 1etik maiatzaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2013ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoizpen-etxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Kontsultatu oinarriak hemen.

Otsaila 10, 2014

‘Minerita’ Labur Dokumental Onenaren Goyaren irabazle

ESKURATZEN DUEN KIMUAKEN LEHEN FILMA DA

Raúl de la Fuentek zuzendutako Minerita lanak Film Labur Dokumental Onenaren Goya eskuratu du, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen dituen sarien 28. edizioan.

Horrela, Minerita Kimuaken egonda golardo hau eskuratzen duen lehen film laburra bihurtu da – Bego Vicarioren Pregunta por mí lanak Animazioko Film Labur Onenaren Goya eskuratu zuen 1997an, 1998an Kimuaken lehen katalogoan sartu aurretik.

Virgen Negra, Raúl de la Fuenteren aurreko dokumental laburra, Goyara izendatua egon zen baita 2012an, baina orduan Pedro González Bermúdezen Regreso a Viridianak eskuratu zuen.

Sari honek infernu jasanezinak bizi eta sufritzen dituzten emakumeei merezitako arreta emateko balio izatea espero dugu.

Urtarrila 8, 2014

Goya Sariak 2014

RAÚL DE LA FUENTEREN 'MINERITA' LABUR DOKUMENTAL ONENERAKO IZENDATUA

Minerita film laburra Goya Sarien 28. edizioan lehiatuko da, otsailaren 9an ospatuko den ekitaldian.

Raúl de la Fuenteren azken lana Film labur dokumental onenaren atalean izendatua dago, Luis Felipe Torrente eta Daniel Suberviolaren El hombre que estaba allí, Iosu López Cía eta Manuel Fernández Rodríguezen La alfombra roja eta Pedro González Kuhnen La gran desilusión lanekin batera.

Minerita Bilboko “Filme Sozialak” Zinema Ikusezinaren Jaialdian estreinatu zen pasa den irailean eta Mexiko Hiriko DocsDF eta Amsterdameko IDFA bezalako zinemaldi garrantzitsuetan aukeratua izan da.

Abendua 12, 2013

'Minerita' Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdian

URTARRILAREN 31TIK OTSAILAREN 8RA BITARTEAN OSPATUKO DA ZINEMALDIA

Raúl de la Fuenteren Minerita dokumentala Frantziako Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur jaialdian lehiatuko da, datorren urtarrila bukaeran.

Film laburren esparruko zinemaldi garrantzitsuena da Clermont-Ferrandekoa, eta urtarrilaren 31tik otsailaren 8ra ospatuko du bere 36. edizioa. Nazioarte mailan daukan ospe eta ikusgarritasunari esker, erreferentziazko ekitaldia da sektoreko profesional ororentzat.

Mineritak bikain hasi du bere bidea, IDFA edo DocsDF bezalako jaialditan aukeratua izan zen eta Goya Sarirako aurre-aukeratua ere izan da. Potosiko Cerro Ricon (Bolivia) grabatu zuten dokumentala, gauzain edo meatzari lanetan diharduten Lucía (40), Ivone (16) eta Abigail-en (17) egunerokoa jarraituz.

Hau ez da izango Clermont-Ferranden lehiatuko den lan euskaldun bakarra, izan ere Kote Camachoren Elkartea ere han izango baita. Bigarren aldiz joango da zuzendari oiartzuarra zinemaldi honetara, 2010eko Kimuak aukeraketaren parte izan zen La gran carrerarekin ere egon baitzen.

Azaroa 8, 2013

Goya Sariak 2014

'BEERBUG' ETA 'MINERITA', AURRE AUKERATUAK

Zinema Akademiak Goya Sarien 28. edizioan lehiatzeko aurre-aukeratu dituen filmen zerrenda iragarri du.

Lehen iragazkia pasatu duten 35 film laburren artean, Ander Mendiaren Beerbug animazioa [Kimuak 2012] eta Raúl de la Fuenteren Minerita dokumentala [Kimuak 2013] aurkitzen dira.

Beerbugek zinemalditako ziklo emankorra osatu du, 173 aukeraketa eta 22 sarirekin. Minerita aldiz, Bilboko “Filme Sozialak” Zinema Ikusezinaren Jaialdian estreinatu zen pasa den irailean eta Mexiko Hiriko DocsDF eta Amsterdameko IDFA bezalako zinemaldi garrantzitsuetan aukeratua izan da jada.

Kategoria bakoitzean aukeratutako hamar lanetatik lau besterik ez dira lehiatuko otsailaren 9an egingo den galan. Finalistak urtarrilaren 7an jakinaraziko dira.

 

Iraila 18, 2013

Konfirmatu dira katalogo berriko lehen estreinaldi eta aukeraketak

2011 ETA 2012KO KATALOGOEN BALANTZE POSITIBOA

Kimuak 2013 katalogo berriak Donostia Zinemaldiko Zinemira atalaren barruan hasiko du bere ibilbidea, film laburren ekipoei eta zinema alorreko instituzio eta jaialdietako zenbait gonbidaturi eskainitako emanaldi itxi batean.

Proiekzio itxi hau jasotzeaz gain, irailaren 20tik 28ra ospatuko den jaialdiak Izibene Oñederrak zuzendutako Hotzanak, For Your Own Safety eta Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) aukeratu ditu Zabaltegi sailean erakusteko.

Izibene Oñederraren lana Cutie And The Boxer film luzearen aurretik ikusi ahal izango da bost emanalditan, ostirala 20an hasi eta astelehena 23a bitartean. Zela Trovke, bestalde, beste bost aldiz ikusi ahal izango da Mujer conejo filmaren aurretik. Honez gain, Kimuaken bi laburrak Zabaltegiko klausuran ere emango dituzte, larunbata 28an.

Katalogoaren aurkezpen ofizialaz gain, 2013ko lanen beste zenbait aukeraketa gauzatu dira jada. Izibene Oñederraren filma datorren azaroan ospatuko den l'Alternativa Bartzelonako zinema independentearen jaialdian ere hautatu dute.

Aritz Moreno donostiarrak zuzendutako Cólera Ingalaterrako BFI London Film Festivalen estreinatuko da urriaren 10ean, eta hil berean Sitges - Kataluniako Nazioarteko Fantasiazko Zinemaldian eta Austin Film Festival jaialdian lehiatuko da, Texasen. Montpellierko Cinemed zinema mediterraneoaren jaialdian ere erakutsiko dute, Borja Cobeagak zuzendutako Democraciarekin batera. Cobeagaren lana Valentziako Cinema Jove jaialdian estreinatu zen ekainaren 22an.

Azkenik, Raúl de la Fuente Iruiñekoaren Minerita dokumentala Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdian erakutsiko da lehen aldiz, iraila bukaeran. Hilabete beranduago Docs DF, Mexiko Hiriko dokumental jaialdi ospetsuan arituko da.

Aurreko edizioetako filmen ibilbideak erabat agortuta ez badaude ere, katalogo berriaren hasiera erreferentzia bezala hartzen dugu bi urte atzeragoko sortaren ibilbide aktiboa amaitutzat emateko. 2011ko bederatzi lanak 884 jaialditan aukeratuak izan dira gaur arte, eta hauetan 133 sari eskuratu dituzte.

Halaber, 2012ko edizioak urtebeteko ibilbidea betetzen du egunotan eta 684 aukeraketa eta 126 sari batu ditu dagoeneko. Duela urtebete, garai berean, 2011ko katalogoak 658 aukeraketa eta 93 sari eskuratuak zituen, beraz kontuan hartuta 2012an bi film labur gutxiago hautatu zirela, pentsa daiteke 2012ko lanek aurrekoen emaitzak hobetuko dituztela.

Abuztua 28, 2013

Kimuak Donostia Zinemaldian

‘HOTZANAK, FOR YOUR OWN SAFETY’ ETA ‘ZELA TROVKE (BELARRA MOZTEN)’ EMANGO DITUZTE ZABALTEGIN

Aurten ere katalogo berria osatzen duten film laburrek euren ibilbidea indarrez hasiko dutela esan beharra daukagu.

Zenbait estreinaldi oraindik jakinarazi ezin baditugu ere, konfirmatu da jada 2013ko bi lanen lehen emanaldia publiko euskaldunaren aurrean izango dela, Donostia Zinemaldian hain zuzen.

Irailaren 20tik 28ra ospatuko den jaialdiak Izibene Oñederrak zuzendutako Hotzanak, For Your Own Safety eta Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) aukeratu ditu Zabaltegi sailean erakusteko.

Jaialdiaren azken edizioan sartu zituzten lehen aldiz bi film labur programazioaren barruan. Klausura egunean Belodromora gerturatu ziren 3.000 ikusleek Koldo Almandozen Deus et Machina eta Martín Roseteren Voice Over ikusi ahal izan zituzten.

Kimuakekin lotura handia daukaten beste zenbait egilek ere hartuko dute parte Zinemaldian. Luiso Berdejo zuzendari eta gidoilari donostiarrak Violet luzea erakutsiko du Zabaltegin. Berdejok ...Ya no puede caminar (2001), La guerra (2005), For(r)est In The Des(s)ert (2006) eta Limoncello (2007) lanak izan ditu aukeratuak Kimuaken.

Bestalde, Fernando Franco Voice Overreko muntatzailea La herida filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean eta Kimuaken lan aukeratuak izan dituen Moriarti ekozpen etxearen El método Arrieta dokumentala, Jorge Gilek zuzendua, Zinemira sailean ikusi ahal izango da.

Ekaina 18, 2013

Aukeratu dira dagoeneko Kimuak 2013ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 75 proposamenen artean emandako epaiaren arabera.

Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek, hots Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen Arduraduna–, Josemi Beltrán –Donostia Kulturako Zinema Arduraduna–, Lourdes Fernández –AlhondigaBilbaoko Zuzendaria–, Fernando López de Castillo –Vitoria-Gasteiz Film Officeko zuzendaria eta zinema zuzendaria– eta Inguma Martínez –ETBko albistegietako Kultura Arlo-burua–, aurkeztutako film laburren maila altua eta hauen artean zazpi baino ez aukeratzeko zailtasuna azpimarratu dute.

Honako film laburrek osatuko dute Kimuak 2013 katalogoa: Lander Camareroren A POLITICAL STORY, Aritz Morenoren CÓLERA, Borja Cobeagaren DEMOCRACIA, Izibene Oñederraren HOTZANAK, Raúl de la Fuenteren MINERITA, Aitor Iturriza eta Bernat Gualen UNA HORA, UN PASO eta Asier Altunaren ZELA TROVKE.

Aurtengo aukeraketa Kimuaken aurrez egon diren lau zuzendarik eta beste lau berrik osatzen dute, eta hiru genero nagusiak jasotzen ditu, dokumentalaren presentzia azpimarragarriarekin.

A Political Story Lander Camarero bilbotarrak zuzendutako dokumental faltsua da. Lauren C. Carroll, New York Film Instituteko ikaslearen ikasketa amaierako proiektutik abiatu eta Palestina NBEan Estatu Behatzaile bezala onartzeko zenbait herrialdek emandako aurkako botoa hartzen du oinarri.

2011 urtean What About Columbus dokumentala zuzendu zuen Lander Camarerok, eta honen parte den Jose Mari Goenagaren Lagun Mina urte bereko Kimuak katalogoan izan zen.

Aritz Moreno donostiarrak hirugarren film laburra du Kimuaken, 2008an Cotton Candy eta 2011ean Bucle izan ostean. Oraingoan, Richard Corbenen Terminated (Exterminio) komikian oinarritutako Cólera film laburra aurkeztu du, herri batek bere gaitza ezabatzeko saiakera kontatzen duena.

Borja Cobeaga zuzendari donostiarrak ere errepikatzen du egitasmo honetan, bostgarren aldiz bere kasuan. La primera vez (2001), Éramos pocos (2005), Limoncello (2007) eta Un novio de mierda (2010) lanen zuzendariak Democracia film laburra egin du oraingoan, sistema politiko honen gaineko komedia karmikoa.

Hotzanak, For Your Own Safety Izibene Oñederra azkoitiarraren hirugarren animazioa da Kimuaken, 2007an Hezurbeltzak eta 2008an Berbaoc izan ostean, azken hau Artelekuko Mugimenduzko irudi laborategian beste zenbait artistekin batera egindakoa.

Hotzanak filmak kontrolak identitate pertsonalaren gainean duen eraginari buruz hitz egiten du, edozein norbanako gaizkile bihurtu daitekeela adieraziz.

Raúl de la Fuenteren Minerita aurtengo katalogoa osatuko duten lau dokumentaletako bat da, Kanaki Films Gipuzkoako etxeak ekoiztua. Boliviako meatze-gune bateko emakumeek egunero jasan beharreko arriskuen gaineko testigantza da iruñearraren lan hau.

Nomadak TX filmaren egilea da Raúl de la Fuente, eta 2012an zuzendutako Virgen Negra laburra Goya Sarietako finalista izatera iritsi zen.

Una hora, un paso dokumental fikzionatua, Aitor Iturriza donostiarrak Bernat Gual mallorcarrarekin batera ESCACeko Zuzendaritza Masterrean zuzendutako proiektua izan da. Juan José González Beltrán preso ohiaren istorioa kontatzen du, Egipton heriotza zigorra jaso zuena.

Azkenik, Asier Altunaren dokumentalak Zela Trovke aspaldiko abesti eslovakiarrari buruz dihardu. ‘Moritat’ izenez ezagutzen den generoko abestiek erailketa baten narrazioa egiten dute.

Bergarako zuzendariaren bost film labur izan dira jada Kimuaken: Txotx (1998) eta 40 ezetz (1999), Telmo Esnalekin batera eginak, eta Topeka (2002), Sarean (2006) eta Artalde (2010), bakarrean zuzenduak.

Katalogo berria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostia Zinemaldian.

Ekaina 6, 2013

75 film laburrek izango dute Kimuaken 2013ko edizioaren parte izateko aukera

Pasa den ostirala, maiatzaren 31ean itxi zen Kimuaken 2013ko ediziora film laburrak inskribatzeko epea, 75 izan direlarik aurkeztutako lanak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren –Etxepare Euskal Institutuaren bitartez– Kimuak egitasmoak, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatua, Euskal Autonomia Erkidegoan zuzendu edo ekoiztutako film laburren sustapena eta banaketa du helburu.

Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu da.

Aurtengo epaimahaia honako kideek osatzen dute: Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautespen-batzordetako kidea eta Zinemira eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen Arduraduna–, Josemi Beltrán –Donostia Kulturako Zinema Arduraduna–, Lourdes Fernández –AlhóndigaBilbaoko Arte eta Edukien Zuzendaria–, Fernando López de Castillo –Vitoria-Gasteiz Film Officeko arduraduna eta zinema zuzendaria– eta Inguma Martínez –ETBko albistegietako Kultura Arlo-burua–.

Aukeraketa berria astelehena, ekainaren 17an emango da jakitera.

Maiatza 22, 2013

Kimuak 2013: Azken deia

MAIATZAREN 31EAN ITXIKO DA AURKEZTEKO EPEA

Egun gutxi barru, maiatzak 31 ostiralean hain zuzen, itxiko da Kimuaken 2013ko ediziora aurkezteko epea.

Gogoratu postaz edo online partekatze zerbitzuen bidez bidalitako film laburrek gehienez maiatzaren 31ko zigilua edo bidalketa data izan beharko dutela. Data hori baino beranduago bidalitako izen emateak ez dira onartuko.

Kontuan izan film laburrak postprodukzio lanak bukatu gabe aurkeztu daitzekela, betiere irudien muntaia [sekuentzien ordena eta iraupena] behin betikoa bada. Kasu honetan, izena emateko beharrezkoa den materialarekin batera, egileek egiteke dagoen lanaren adierazpena aurkeztu beharko dute, eta uztailaren 1a baino lehen bukatzeko konpromisoa hartu.

Apirila 26, 2013

Euskadiko Filmategiak munduan bakarra den Mélièsen kopia aurkeztu du

'LE CHEVALIER MYSTÈRE' FILMAREN KOPIA KOLOREZTATUA KATALUNIAKO FILMOTEKAREN LAGUNTZAREKIN ZAHARBERRITU DA

Euskadiko Filmategiak parte hartu du apirilaren 21 eta 27a bitartean Kataluniako Filmotekak Bartzelonan duen egoitza berrian antolatu den FIAFen (Film Artxibategien Nazioarteko Federazioa) 69. Kongresuan.

Euskadiko Filmategiak modu eraginkorrean parte hartu du kongresuan eta Kataluniako Filmotekaren laguntzarekin zaharberritutako zinemaren hastapenetako bi film aurkeztu ditu: Le chevalier mystère (George Méliès, 1899) eta Concierge et Tourlourou (Pathé, 1897). Biak eskuz koloreztatuak izan ziren bere garaian, baina gainera lehena gisa horretako kopia bakarra da munduan gaur arte; izan ere, jakina da beste bat badela nitratoan, baina zuri-beltzean, George Eastman Housen (Rochester, Ameriketako Estatu Batuak) gordailuan utzita. Koldo Gutierrezek Euskadiko Filmategian gordailuan utzitako bilduma zabalago bateko parte dira bi filmok.

Mélièsek egindako 500 pelikula baino gehiagotik, nekez kontserbatzen da %40; koloreztatutako bertsioetatik, berriz, ez daude munduan hogeita hamar bat baino gehiago. Donostian aurkitutako Le chevalier mystère filmaren bertsioa aparteko talde horretako kide da. Lehen belaunaldiko kopia bat da, hau da, jatorrizko negatibotik abiatuta egina.

Montreuil-en jaiotako aztiak, XIX. mendeko hainbat kultur tradizio bildu eta jarri zituen zinematografoaren zerbitzura eta gaur egun berriro gaurkotasuna du: DVD edizioak, erakusketak (apirilean, Bartzelonan; eta uztailean, Madrilen), proiekzioak Cinémathèque Française-n, Le voyage dans la lune (1902) filmaren zaharberritze eztabaidatua eta Martin Scorsesek 3Dn egindako Hugo (2011).

Otsaila 25, 2013

Kimuak 2013 edizioan parte hartzeko epea zabalik

MAIATZAREN 31RARTE JASOKO DITUGU LANAK

Zabalik dago jada Kimuak egitasmoaren 2013ko edizioan parte hartzeko deialdia; maiatzaren 31ra bitartean jasoko ditugu zuen film laburrak.

2012ko ekainaren 1etik aurrera egindako nahi beste film labur aurkeztu ditzakezue, betiere 30 minututik beherako iraupena badute eta internetez, telebistaz edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu ez badira. Kontuan izan baita, gehienez 20 zinemalditara aurkeztu izatea eta hauetako bostetan aukeratuak suertatu izatea onartuko dela.

HEMEN aurkituko dituzue oinarriak eta eskaera orria. Dudarik baduzue jarri kontaktuan gurekin ohiko bideetan.

Abendua 28, 2012

Goya Sariak

'LA MEDIA PENA' ETA 'VOICE OVER', AURREAUKERATUAK

Datorren otsailaren 17an ospatuko den 2013ko Goya Sarien galan Kimuaken ordezkariren bat izatearen aukera egon daiteke, izan ere Sergio Barrejónen La media pena [Kimuak 2011] eta Martín Roseteren Voice Over [Kimuak 2012] Fikziozko Film Labur Onenaren sarirako aurrez aukeratuak izan baitira.

Aquel no era yo [Esteban Crespo], Desayuno con diadema [Óscar Bernàcer], La boda [Marina Seresesky], La mujer del hatillo gris [Luis Trapiello], Libre directo [Bernabé Rico], Maquillaje [Álex Montoya], Matador On The Road [Alexis Morante] eta Ojos que no ven [Natalia Mateo] izango dira atal berean finalista izateko lehiatuko direnak.

Azken emaitza edozein dela ere, azpimarratzekoa da bi lan hauek egindako ibilbide paregabea, alabaina dagoeneko La media penak 125 izendapen eta 28 sari jaso baititu eta Voice Overrek 84 izendapen eta 42 sari.

Joan den otsailean ospatutako edizioan ere Kimuakeko bi lan egon ziren aukeratuta, León Siminianiren El premio fikziozko atalean eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun animaziozkoan.

Urtarrilaren 10ean jakinaraziko dute zeintzuk diren lau film labur aukeratuak.

Azaroa 15, 2012

2013ko Oscar Sariak

'ZEINEK GEHIAGO IRAUN' SEMIFINALERA IRITSI DA

Zeinek gehiago iraun 2013ko Oscar Sarietarako aurrez hautatutako animaziozko 57 film laburren zerrendan egon da.

Ez da sartu hiru edo bost finalistak aterako diren hamar laburren shortlistean, baina nazioarteko ehunka lanen artean egindako lehen bahetzea pasa izatea talde guztia zoriontzeko nahikoa arrazoi bada.

Gregorio Murok Kimuaken aukeratua izan duen bigarren lana [2008an Raúl Lópezekin zuzendutako Tras los visillos fikziozko laburra egon zen] 157 izendapen eta 30 sari jaso ditu orain arte, eta Goya Sarietarako izendatua egon zen pasa den otsailean.

Oscarrerako finalisten zerrenda aurki argitaratuko da. Bitartean, joan den edizioan proposatutako film laburrak ikustera gonbidatzen zaituztegu.

Urria 11, 2012

MARABILLI sormen festibala

ONDARROA (BIZKAIA)

Gaurtik hasita eta igandera arte MARABILLI sormen festibala ospatuko da Ondarroan, Aitzol Aramaio zenaren omenez. Lau egunotan, musika, antzerkia, hitzaldiak, eta nola ez, zinema emanaldiak gozatu ahal izango dira zuzendariaren jaioterrian.

Zubiaz disfrutatzeko plan ezin hobea antolatu digute bere lagun Manuelistek. Kimuak 2002ko Terminal film laburraren zuzendariak zioen bezala «Bixitxi Marabilli dalako!».

Urria 2, 2012

Kimuak Donostia Zinemaldian

AURKEZPEN OFIZIALAZ GAIN, BI LABUR EMAN ZITUZTEN BELODROMOAN

Aurtengo Kimuak katalogoa bonbazia handian estreinatu dugu. Ohi den bezala, Zinemaldiko lehen larunbatean laburren ekipoak eta zenbait zinemalditako programatzaileak bildu genituen emanaldi itxi batean, eta jaialdiko itxiera egunean lehen aldiz hiru film labur proiektatu zituzten Belodromoko pantaila erraldoian. Antxon Ezeizaren omenez emandako Ikuska 20 lanarekin batera, hiru mila ikuslek Deus et Machina eta Voice Over ikusi ahal izan zituzten klausurako filmen aurretik.

Dustin Hoffman ez zen garaiz heldu emanaldira, baina kopia bat eskatzen badigu atsegin handiz bidaliko diogu...

 

Iraila 13, 2012

Bideo sorkuntza ikastaroa

Otxarkoagako Tular eta La Caldera elkarteek antolatuta, bideo sorkuntzari eta bideokameren erabilpenari buruzko ikastaro monografikoa egingo da urritik aurrera herriko Udaltegian. Izen emate epea irailaren 17tik urriaren 2ra luzatuko da.

Informazio gehiago Bilbao.net orrian.

Iraila 12, 2012

'Bikoizketa vs. azpititulazioa' erakusketa

DONOSTIAKO OKENDO KULTUR ETXEAN

Geuretzat erantzuna argi dago, baina ez zaigu gaizki etorriko gogoeta bat egitea.
BIKOIZKETA VS. AZPITITULAZIOA erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean, urriaren 13a arte.