AMOR DE MADRE

- Amaren maitasuna -

Zuzendaria Koldo Serra , Gorka Vázquez

Ingalaterrako kostaldeko herri txiki batean, hilketa ugari ari dira gertatzen etengabe. Denek uste dute John Merrick izan dela, gazte arraro eta barnerakoia delako, bere ama Bedelia, herriko bridge taldearen lehendakari den emakumearen gonetatik irten gabe bizi baita.

Zuzendaria

KOLDO SERRA

Bilbo, 1975. Arte Ederretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Sick of you, bere lehenengo film laburrarekin, Valentziako Cinema Jove jaialdiko lehen saria eskuratu zuen, 1993an. Horren ostean Háchame! (1996), Amor de madre (1998) eta El tren de la bruja egin zituen. 2006an Bosque de sombras, bere lehen film luzea zuzendu zuen, eta 2016an Gernika izeneko bigarrena estreinatzen du.

Zuzendaritza laguntzaile gisa lan egin du bideoklipetan, publizitatean eta zenbait film laburretan, besteak beste Nacho Vigalondoren 7:35 de la mañana lanean. Zinemaz gain, komikigintzan eta diseinu grafikoan ere dihardu. Istorio laburrez osatutako komiki album bat argitaratu du, La bestia del día izenburua duena.

Arsénico PC eta Sayaka Producciones Audiovisuales produkzio-etxeen bazkide da, Borja Cobeaga, Nacho Vigalondo, Nahikari Ipiña eta Borja Crespo rekin batera.

GORKA VÁZQUEZ

Bilbo, 1975. Arte Ederretan lizentziatua 1998an, ikus-entzunezkoen espezialitatean. Ikasketak amaitzean Amor de madre film laburra idatzi eta zuzentzen du Koldo Serrarekin batera. Bi urte beranduago animazioaren munduan hasten da lanean, sortzaile, gidoilari, editore, marrazkilari eta animatzaile lanak eginez.

Olentzero eta iratxoen jauntxoa (2011), The Wish Fish (2012) –Iván Onekarekin batera zuzendua eta Animaziozko Film Onenaren Goya Sarirako izendatua– eta Olentzero eta Amilaren sekretua animaziozko luzeak zuzendu ditu.